jueves, 25 de agosto de 2011

Juan Lizarralde omenduko dute Gipuzkoako Artzain Egunean



2011-08-25 16:21:48 Eneko Azkarate
Juan Lizarralde Elortza oñatiarra omenduko dute irailaren 4an Legazpin, Gipuzkoako Artzain Egunean. Arantzazuko Beillotza baserrikoa da Lizarralde. 1926an jaioa, Beillotzan bertan bizi izan da beti. Gaur egun, bere iloba Javierrekin bizi da. 85 urte betetzear da Juan. Zelai eta pagadiz betetako paisaia ikus daiteke haren baserritik.

Juan Lizarraldek beti ezagutu izan ditu ardiak baserrian. Baina ez kopuru handitan. 60 bat ardi, larre behiak eta behorrak. Gehienetan, latxa mutur beltzak izan zituen arren, Sasardiak ere izan zituen.

Baserri ondoan dagoen Urkillako zerrako Zurkutz mendian pasatzen zuten uda Lizarralden ardiek eta negua iristerako etxera ekartzen zituzten. “Nik ezagututako pagadiak ikazkinek bota zituzten eta urte luzez gure ardien larreleku izan zirenak berriro pagadiak estali ditu”. Gaur egun arabarrak dira inguru horretara hurbiltzen diren artzain bakarrak.

Horixe kontatzen du Juan Lizarraldek, Legazpin ospatuko den Gipuzkoako Artzain Eguna dela-eta argitaratu duten liburuxkan.

"Urte gutxira arte domekero Urbiara igotzen nintzen, han, nire belaunaldiko artzain lagun asko nituen eta festa ederrak egin ere bai" dio Lizarraldek.

Irailaren 4an omenduko dute, esan bezala, Legazpin, Gipuzkoako Artzain Egunean. Baina beste bi baserritar artzain ere omenduko dituzte: Angel Alberdi azpeitiarra, Arauntza baserrikoa, eta Atanasi Gesalaga Aizarnako Ezkurukoa.

Artzain txakurrak ere bai

Gipuzkoako Artzain Txakurren txapelketa ere jokatuko da Legazpin iraileko lehen domekan. Zazpi lehiakide izango dira aurten eta horietako hiru debagoiendarrak: Migel Arregi (Mendi txakurra eta Jose Luis Madinabeitia (Txiki) oñatiarrak, eta Jesus Mari Plazaola (Gure) arrasatearra.

Gipuzkoako Artzai Gazten lehiaketan ere izango da, besteak beste. Sei sari banatuko dituzte eta txapeldunak 540 euro eta garaikurra jasoko du.

No hay comentarios:

Publicar un comentario