miércoles, 17 de agosto de 2011

Markel Irizar: "Aukera gehiago ikusten dut Vueltan"



2011-08-17 09:22:33 Jon Berezibar
Gaur eguerdian abiatuko da oñatiarra Benidormera, han hasiko baita zapatuan, hilaren 20an, Espainiako Itzulia. Denboraldiak berez dakarren nekearekin eta Tourrak utzitako zapore txarrarekin joango da Radioshackeko txirrrindularia Vueltara baina gogotsu. Salamancako erlojupekoan ditu begiak eta gogoak ipinita.

Espainiako Itzulia handietako bat da, polita bai baina denboraldiak aurrera egin ahal nekea ere sumatuko da, ezta?
Nabari da 70 egun daramatzagula lehian. Azken egun hauek erdi atsedenean egon banaiz ere, bai, nabari da nekea. Ikusi beharko da Tourretik Vueltara gorputza zelan dagoen ze aurten gainera bi itzulien artean lau asteko tartea besterik ez da egon eta hori igarriko da. Tartean gainera Donostiako itzulian ere egon naiz.

Azken hamar egunak Pirinioetan egin dituzu entrenatzen, ezta?
Bai, batez ere, aipatu bezala, proben artean denbora gutxi egon delako. Horregatik, zaila da esaten, eta norberak ere ez daki bere gorputza zein egoeratan dagoen, azkenean. Hain tarte txikian ez da erraza izan Vueltarako prestatzea. Opor txikiak eta entrenamendu suabea izan da egun hauetakoa.

Tourretik nahiko atsekabetuta itzuli zineten. Vueltari itxura hobea hartzen diozu?
Egia da, guretzat gauzak ez ziren nahi bezala joan. Neurketa piloa bat izan ziren Tourrekoak eta kilometro asko batetik bestera. Harekin konparatuta, Vuelta oso desberdina da. Errepide onak dira, lekua aldaketa gutxi egongo dira eta txirrindularientzat atseginagoa izaten da. Zentzu horretan Espainiako Itzulia onena da. Ibilbidea polita da, gainera, bukaera aldapatsuarekin eta ikusteko politagoa izango delakoan nago.

Lasaiago, hortaz.
Tourrean egoten den stressak jan egiten zaitu eta etapak gogorrak dira ze hotelera berandu heltzen ginen eta traslado asko zeuden. Horrek asko gogortzen du lana. Oraingoan bero handia izango badugu ere, etapak motzagoak dira. Ibilbideak gogortxoagoak dira, bai, baina ikuskizuna ere hobea izango da, eguzkiak txirrindulariei egurra emango badie ere. Uste dut Vueltako antolatzaileek asmatu egin dutela, etapak motzagoak izanda ez da Tourrean bezala izango, amaieran ihesera hiru txirrindulkari besterik ez direla irtengo.

Horretaz gain, aurtengoa berezia izango da ze Euskal Herritik igaroko da ibilbidea.
Hala da, hogeita piku urte eta gero, bai. Nahikoa saltsa egon da horren inguruan ere.

Bai, baina familia eta lagunak gertuago ibiliko dira animatzeko.
Zalantza barik. Polemikez aparte, etxe inguruan familia ikusteko aukera ematen dizula eta bigarren astetik aurrera umeak egunero ikusi ahalko ditut eta horrek indar handia ematen du.

Taldea zelan ikusten duzu, Vueltara begira?
[Barreak] Tourrean oso ondo ikusten nuen eta begira zelan amaitu genuen! Janez Brajkovic oso forma onean dago eta Andreas Klöden Tourretik erabat errekuperatuta ez dagoela badio ere, ematen du maila onean dagoela eta, gero, Haimar Zubeldia nik oso-oso ondo ikusten dut. Dena ondo badoa bostetik hamarrera sartzeko gauza izan beharko ginateke. Baina ez nuke larregi eskatu gura ze Tourrean jasotako egurraren ostean eta Giroa ere nahi besteko emaitza onek ez ziren itzuli, beraz, ikusi beharko. Hor daukagu, baita ere, taldeko erlojupekoa.

Eta zeure buruari dagokionez, helbururen batekin zoaz?
Tourrean liderrarentzako lanean jardun nuen eta amaiera sartu nintzen ihesaldietara. Vueltan, izatez, hain maila altua ez dagoenez aukera gehiago egon beharko litzateke. Baina lehenik eta behin gorputza zelan dagoen ikusi behar da. Zehazki probaren bat aipatzekotan, profilei begiratuta, Salamancako erlojupekoan daukat begia ipinita. Gure liderrak askatasuna emango digu etapak ere egongo dira. Ihesaldiren baten saiatzeko aukera izateko ilusioarekin noa. Baina horixe, handak erantzutea eta zorte apur bat beharko dut.

No hay comentarios:

Publicar un comentario