martes, 2 de abril de 2013

Inaxio Arregi


"Munduarendako aita santurik egokiena zein izan behar zen jakin izan dute kardinalek"

Api. 2, 2013, gauerdia Eneko Azkarate
Inaxio Arregik (Oñati, 1931) 20 urte eman zituen Radio Vaticanoko informatiboetako buru eta 2006an Euskal Herrira itzuli zen. Bilbon du egoitza gaur egun. Bergoglio aita santu izendatu zuten egunean Erroman zen, Vaticano Irratian, arratsalde hartan Bilbotik iritsita. Ilusio eta poztasun handiarekin hartu du aita santu berriaren izendapena eta Frantziskok orain arte egindakoa.
Inaxio Arregi, artxiboko irudi batean.
Espero zenuen aita santu hau?
Inork ez zuen espero. Berria jakin eta berehala, Vaticano Irratiko kazetari batek galdetu zion Aita Lombardi Vaticanoko bozeramaileari eta hark erantzun zion ez zihoala ezer esatera, oraindik izututa zegoela, "shock batek harrapatuta". Irratian nengoela, aita santua nor zen jakin aurretik, galdetu nien kazetariei ea zeintzuk ziren hautagai nagusiak eta erakutsi zidaten dozena bat izeneko zerrenda bat. Aita santu berria azaldu zenean konturatu ginen zerrenda hartan ez zela ageri Bergoglio. Eta Vaticano Irratiko informazio sailean nengoen, aizu!, eta inork ez zuen asmatu!
Gustuko duzu aita santu berria?
Asko! Ez jesuita edo argentinarra delako. Konklabean batu ziren kardinalek eredugarri jokatu zuten. Aldez aurretik, denek hitz egin zuten: eskumakoek, ezkerrekoek, kolore batekoek zein bestekoek. Esan beharreko guztiak esan zituzten aurreko egunetan. Eta beste inork ikusten ez zuena ikusi zuten haiek: gaur egun, munduarendako aita santurik egokiena zein eta zelakoa izan behar zen. Besteok baino gorago egin zuten hegan.
Jesuita izateak eta izena Frantzisko jarri izanak zer esan nahi du?
Aita santua zein zen jakin eta berehala denek galdetu zidaten ea Frantzisko izena Frantzisko Borja Jesusen konpainiakoarengatik ote zen. Nik esaten nien itxoin egin behar zela, aita santuak berak zekien-eta zergatik aukeratu zuen izen hori. Eta han, Erroman, batuta geunden kazetarioi egin zigun harreran esan zigun aita santuak zergatik aukeratu zuen Frantzisko izena. Bergogliok berak ere, Asisko Frantziskoren antzera, behartsuenekin lan egin du luzaroan. Frantzisko Asiskoaren espiritua berarekin zekarren aita santu izan aurretik. Hala, esan zigun Asiskoaren eredua jarraitu nahi izan duela beti, eta hala egingo duela aurrerantzean ere, betiere, natura edota ekologia maitatuz. 
Zergatik ez da izan aurretik aita santu jesuitarik?
Jesuitok beti izan gara hotz samarrak, eta botereko edo ardurako karguei uko egin izan diegu beti, ez zaigu gustatu lehen lerroan egotea. Guretako, egia  esan, ezezagun samarra zen Bergoglio. Horregatik, pozik baina hoztasun apur batekin hartu genuen haren izendapena. Frantzisko Borjarekin gertatutakoa gogoratzea besterik ez dago: Erroman bizi zelarik, San Inazio bera ere bizi zela, kardinal izendatzekotan zela, ihes egin zuen eta Oñatin babestu zen Madalena ermitan. Bi urte egin zituen han ez zezaten kardinal egin. Handik aurrera, jesuitok kargu handietatik ihesean ibili izan gara beti. 
Eliza berri bat dator?
Ez nuke horrenbeste esango. 2.000 urteko erakunde batean, lurrikararik edo iraultzarik ez da espero, baina aldaketa handiak izango dira. Vatikano Kontzilioa izan zen aldaketa handia eta aita santu berriak ere aldaketak ekarriko ditu. Beste egiteko modu batzuk ekarriko ditu: behartsuenak kontuan hartuz eta gauza txikiei garrantzia emanez. Aita santu berriak ez du aldatu gotzainek darabilten mitra aita santua izendatu ostean; Buenos Airesen zerabilen berdina darabil orain. Keinu bat baino ez da, baina adierazgarria. Harremanetan ere igarriko dira aldaketak. Esan eta esan dabil, uneoro, zein garrantzitsuak diren borondatea, elkartasuna, adiskidetasuna, anaikidetasuna… Izango ditu arazoak, baina beti azpimarratzen du mundu honetan, bereziki, borondatea behar dela. Orain, moral aldetik-eta, ez dut aldaketa handiegirik espero. Halere, beste modu batera aztertuko ditu arazoak. Esaterako, ez du gay edo lesbianen kontra egingo, errespetatu egingo ditu. 
Eta Elizaren gobernua?
Hor izango du lana, bai, ze denek aitortzen baitute hor badagoela zer zuzendu. Jakina, bestalde, Vatikanoko Bankuko arazoak konpontzen saiatuko da, zirt-zart egingo du. Hortaz, gauza batzuetan aldatuko da Eliza; beste batzuetan, gutxiago, baina beste estilo bat erakutsiko du. 
Benedikto XVI.arekin Eliza kontserbadoreagoa izan da?
Aita santu berriak beste bide batzuk urratuko ditu aurrekoaren ezberdinak. Atzerakoia ez da izango. Ez du hortik joko. Eta leiho berriak irekiko ditu, bai Elizarendako eta baita mundu osoarendako ere.  
Zein da, zure ustez, esku artean daukan lehenengo egitekoa?
Berehala egin beharrekoa da kolaboratzaileak aukeratu. Aldaketa handiak egin beharko ditu Vatikanoko gobernuan, eta azkar, gainera. Esaterako, Benedikto XVI.aren idazkaria zena, Ganswein, Vatikanoko jauregiko arduraduna da. Eta lehenbailehen kendu beharko du kargutik, jendeak ez dezan pentsatu aurreko aita santuak kolaboratzaile bat duela Elizaren muinean, Vatikanoan. Bertone Estatu idazkaria ere aldatu beharko du… 
Elizaren irudia aldatu beharko du?
Bai, hori ere garrantzitsua da. Izan ere, pederastia dela edo Vatikanoko hainbat eskandalu direla, Elizaren irudia txartu egin da azkenaldian. Halere, aita santu berriak, dagoeneko, beste irudi bat eman dio Elizari, irudi ona. Erabaki egokiak hartu ditu eta jendea hunkitu du bere jarrerarekin. Ez du programarik erakutsi, baina bai keinu batzuk, estilo bat, eta hori, orain, asko da. Etorriko dira besteak. 
Euskal Elizan igarriko da beste egiteko modu bat?
Aldaketak poliki etorriko dira. Edozelan ere, euskal Elizaz ari garela, jokaera lotsagarri bat salatu nahi dut. Izan ere, aita santu berria zein izango zen jakiteko ginela, apur bat lehenago, hemengo Elizbarrutiak zabaldu zuen aita santu berria aukeratua zela eta Milango kardinal Angelo Scola izango zela. Ez hori bakarrik: aita santu berriak izena ere aukeratua zuela ere zabaldu zuen: Benedikto XVII.a. Lotsagarria da, ze jokaera bat erakusten baitu, asmo bat, nahi bat… Eta hanka-sartze horren gaineko erantzunak eman beharko ditu Elizbarrutiko norbaitek. 
Zergatik izan du horren oihartzun handia hedabideetan aita santu berriaren izendapenak?
5.600 kazetari joan ziren Erromara hura kontatzera. Zergatik hainbeste? Ez dakit. Orain, sinesmenduna naiz eta harro esaten dut, eta uste dut goitik etorri dela abisu bat, bultzada bat. Hortik aparte, munduak dituen arazoen aurrean, itxaropen bat, haize fresko bat, argi izpiren bat… behar genuen eta aita santu berri honek ekarri du. Hortik uler daiteke, akaso, hedabideek eman dioten estaldura. Eta, uste dut, bestalde, herri xeheak ere halako zerbait nahi zuela eta ondo etorria egin dioela aita santu berriari.

No hay comentarios:

Publicar un comentario