martes, 6 de julio de 2010

OÑATIKO KOLEKTOREA

Urte hasierarako amaituko dute Oñatiko kolektorea
Hasierako aurreikuspenak atzeratu egin dira eta Epeleko araztegia ez da aurtengo abendurako amaituta egongo. Lanetako arduradun Cristina de la Fuentek baieztatu digu obrak atzeratuta daudela eta, hortaz, amaitzeko epe berria baimendu dietela: 2011. urteko iraila, hain justu ere.


Araztegi berriak Eskoriatza, Aretxabaleta, Arrasate eta Oñatiko urak batuko ditu. Lehenengo hiru herrietako kolektorea araztegia egiten hasi aurretik egina zegoen, eta, hori Epelen bertan irteten denez, lanean diharduen UTE EDAR Epele enpresako langileek kolektore hori araztegira konektatzea baino ez dute egin behar.
Baina Oñatitik ur zikinak ekarri behar dira. Hasierako proiektuak jasotzen zuen Zubillagatik Epelera bitartean, Arrandiburu mendia zeharkatuz, 2.007 metroko tunela egitea. De la Fuentek gogorarazi du horren ordez ura bultzatuko duten bi hodi egingo dituztela, mendia inguratzen. Haren esanetan, "batetik, tunela eraikitzeko segurtasun arazoak zeuden; eta bestetik, tunela irten behar zen ingurunean gaur egun AP-1 autobidearen biaduktua dago, eta, hori dela-eta, tunela hor egitea ez zen posible".

Joan den hilabetean hasi ziren kolektore hori egiten, Zubillagan. Lau kilometroko luzera duten bi hodi jarriko dituzte, 35 zentimetroko diametrokoak. Ezustekorik egoten ez bada, zortzi edo bederatzi hilabetean amaituta egon beharko luke kolektoreak.

Eguraldia
Horren harira, De la Fuentek azaldu du eguraldiak proiektua baldintza dezakeela: "Euriak asko atzeratzen du obra bat; lanak oztopatzen ditu, lurra biguntzen da eta makinak ezin dira erabili; gainera, hainbat zati errekatik egin behar dira, eta ur askorekin datorrenean ezinezkoa da horra sartzea". Lanetako arduradunak gogorarazi du 2006ko abenduan hasi zirela Epeleko araztegia eraikitzen eta hasieran, lau urteko epea zutela proiektua amaitzeko; hau da, aurtengo abendua. Baina, esan bezala, 2011ko irailera arte luzatuko dira. Horren harira, gaineratu du araztegia hilabete batzuk lehenago hasiko dela lan egiten, probetan, eta dena behar bezala baldin badoa, esandako data horretan funtzionamenduan egon beharko lukeela.
Bestalde, araztegiko obren egoeraren gainean ere hitz egin digu De la Fuentek. Obra zibila moduan ezagutzen dena (instalazioak) amaitzear daudela azaldu du, elektrizitatea eta horrelako gauzak sartzea falta da. Horrez gain, urbanizazioari azken ukituak eman behar zaizkiola ere gogorarazi du. Bestalde, esan bezala, Oñatiko kolektorea eraiki beharko dute aurrerantzean.

Errepideko bihurgunea kendu
Horiek araztegiari dagokionez. Baina, horretaz aparte, beste hainbat lan ere badituzte esku artean. Jakina denez, instalazioak eremu horretan sartu ahal izateko GI-627 errepidearen trazatua eta Deba errekaren bidea aldatu behar izan dira. Hori dela-eta, orain erreka bideratzeko horma berria eraikitzen hasi dira araztegiko iparrean. Horrekin batera, toki berean, esandako errepideak gaur egun duen bihurgune itxia konponduko dute. De la Fuenteren esanetan, "bere garaian, Epeleko ingurunean, GI-627 errepidearen trazatua aldatu zen eta orain bihurgune hori aldatzea falta da".

Bidegorria gertatzen
Baina errepide eta errekaz gain, Elorregi eta Arrasate arteko bidegorri zati batekin ere bat egiten du araztegiak. Azken horren hoditegien gainetik pasatuko da bidegorria eta langileak kilometro erdiko tarte hori egokitzen dabiltza.

26 milioi euro
Bestalde, proiektu osoaren aurrekontua 26 milioi euro da. Horren harira, komeni da gogoratzea hasierako egitasmoak 32 milioi zituela aurreikusita; baina Oñatiko kolektorearendako tunelik egin behar izateak hori merketu egin du.
Espainiako Ingurumen Ministerioak du lan horien ardura, interes orokorreko azpiegitura izendapena eman ziolako. Lanak egiteaz, berriz, UTE EDAR Epele arduratzen ari da, Espainiako Ingurumen Ministerioren mende dagoen Kantauriko Ur Konfederazioaren erakundearen ardurapean. Bukatuta dagoenean, Gipuzkoako Urek izango dute horren ardura.

Helburua: ura ahalik eta garbien itzultzea Deba ibaira
Epeleko araztegiak, esandako moduan, Eskoriatzak, Aretxabaletak, Arrasatek eta Oñatik Deba ibaira botatako ur zikinak garbituko ditu. Instalazioek 25.000 metro karratu inguruko hedadura dute eta segundoko 848 litro prozesatzeko ahalmena izango dute, datorren urtean funtzionamenduan jartzen dituztenean.

Araztegi ondoan egongo diren kolektoreetatik iristen diren urak Kataide industrialdetik gertuen dagoen eraikinera sartuko dira eta makina baten bidez hondakin solido handienak bereiztuko dira, azken horiek zabortegira eraman ditzaten.

Lokatza, energia ateratzeko
Jarraian, ura ondoko eraikinera pasatuko da eta han lokatza kenduko zaio, eta azken hori tratatu egingo da. Lokatza tratatzeak energia emango du, eta hori araztegia elikatzeko aprobetxatuko da. Hortik lortuko du energia, neurri handi batean.

Lokatz barik dagoenean, hodien bitartez Epeleko biribilgunearen beste aldean dauden depositu handietara pasatuko da ura. Prozesuaren azken fasean sartuko da orduan, Deba ibaira ahalik eta garbien bueltatu aurretik.
GOIENA

No hay comentarios:

Publicar un comentario