sábado, 17 de julio de 2010
TOUR 2010.Motorrak berotzen.
Amets TXURRUKA Txirrindularia
Behin uztailak zein Tourrak lan erdiak eginda, badator tropela Pirinioetara. Gainera, txirrindulariak ere hasi dira motorrak berotzen. Atzo ikusi genuen tropeleko oilarrek mokoak ongi zorroztuta dituztela eta mokoka aritzeko gogoa badagoela. Albertok Andyri enbidoa bota dio eta hark, larri bada ere, eutsi. Puritok bere lehen Tourrean lehen saria; Samu bestalde, indartsu. Ikuskizuna ziurtatuta dago.
Josu, Ane, Xabi, Mikel, Onintza, Asier eta abarrek aurrez egindako erosketak -lotarako denda, pintura potea eta gainerakoak- furgonetan kargatu dituzte jada; hala, hain estimatua dugun mendikatera bidean jarri dira.
Plan edarra! Ingurune ezin hobean kokatu, mendiaz gozatu, txirrindularitzaren ikuskizuna bertatik bertara bizi eta... parrandatxo txikiren bat egiteko parada. Eneko, Urko, Mikel, Olaitz, Gorka, Juanjo, Zaloa... -izen batzuk esatearren-, gustura elkartuko lirateke txango horretara, baina, arrazoi ezberdinak tarteko, lasterketa telebistaz jarraitzeko beste aukerarik gabe geratu dira. Ni neu ere azken multzo horretan sartzen naiz aurtengoan.
Leku batean edo bestean, ia-ia Euskal Herri osoak jarraitzen du arreta bereziarekin Pirinioetako etapa menditsuetan gertatzen dena. Izan ere, etapa horiek geure sentitzen ditugu. Sentimendu hori zaletuek zein euskal txirrindulariek dugula ziurtatzen dizuet. Ikurrinez eta kamiseta laranjez apaindutako malda pikoek zirrara berezia eragiten digute. Are gehiago, zirrara horren oihartzuna mundu guztira zabaltzen dela esango nuke; harro esan genezake munduko zalegorik onenetarikoa dugula.
Asko izango zarete, hasieran aipatutako lagunek legez, bartulu guztiak hartu eta Pirinioetako norabidea hartu duzuenok. Bidean zaretenoi zein oraindik esperantza galdu ez duzuenoi eskabide bat luzatu nahi nizueke: orain arte bezain errespetuz jokatu eta txirrindulari guztiak animatu, ihesalditik hasi eta gruppetto-ra bitartekoak. Horrela orain arte bezala mundu guztian eredu izatea lortuko dugu. Eta tropelkideek bihotzez eskertuko dizuete, ziur.
Goza ezazue mendi eder horiez eta lasterketaz. Joaterik ez dugunok zuek gozatzen ikusiaz gozatuko dugu!
GARA
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)
No hay comentarios:
Publicar un comentario