"Kantautoreen musikak gazteen artean ere kabida duela erakutsi nahi dugu, eta bestelako zerbait egin"
2011-02-09 10:15:57 Lander Muñagorri
Josu Zubia gazte oñatiarrak asko atsegin du gitarra jotzea eta magia egitea. Modu autodidaktan ikasi ditu biak ere. Mago bezala hainbat emanaldi egin ditu eta kantari bezala SQS bikotea osatzen du Itsaso Polekin batera. 2010eko Gipuzkoako Euskal Kantu txapelketan finalera iritsi ziren eta 2011ko edizioan ere izena emango dute. Elkarrizketa egin diogu.
Nola barneratu zinen musika munduan?
Etxean gitarra zahar bat geneukan, ez dakit norena zen, eta osaba Gerardo Markuletak lehenengo akordeak erakutsi zizkidan, zerbait jotzen baitaki. Hortik aurrera apurka joan naiz ikasten, musika eskolan nola erakusten duten ez baitzait asko gustatzen. Silvio Rodriguez gitarrista imitatzen saiatzen hasi nintzen hasiera batean.
Ez zenuen imitatzeko artista errazena hartu!
Ez, baina gustukoa da. Zaila egiten zitzaidan, baina ahal nuena egiten nuen.
Gitarra jotzen ikasi, eta SQS bikotea sortu zenuen Itsaso Polekin batera. Nolatan?
Gaztelekuan egin genuen topo, eta pixkanaka elkar ezagutzen hasi ginen. Itsasok apenas zekien gitarra jotzen, eta ikasi egin nahi zuenez, nik lagundu egin nion. Oraintxe bertan nahikoa ongi jotzen du.
Eta zer esan nahi du SQS taldearen izenak?
Eskuez irakurtzen da, baina siglak ere badira. Status Quo Stringers esan nahi du. Status Quo momentuko egoera da latinez, eta Stringers guk moldatutako hitz bat da, eta sokadunak esan nahi du. Beraz, SQS siglen atzean momentuko egoera sokadunak esanahia dago.
Abesti propioak egiten dituzue.
Bai, Itsasok oso letra onak egiten ditu, eta ni ere saiatzen naiz horretan. Letra bakoitzari musika ordea, nik jartzen diot.
Eta zertan oinarritzen zarete kantuak egiteko garaian?
Gauza ezberdinetan. Esaterako, nire osabaren poema batekin abesti bat egin genuen, eta ziurrenik kantu horixe aurkeztuko dugu 2011ko Euskal Kantu txapelketan. Bestelakoan, askotan hildako pertsonengan oinarritzen gara, dagoeneko hiru kantu dauzkagu gai horren inguruan. Heriotzaren gaiak zirrara sortzen digu, eta beharra sentitzen dugu horren gainean idazteko. Baina ez pentsa horregatik beti kantu tristeak egiten ditugunik, abesti alaiak ere badauzkagu.
Proiekturik bai etorkizunerako?
Lehenengo eta behin, argi utzi nahi dut guk kantautore musika egiten dugula bi gitarrarekin. Musika mota hori zabaldu nahi dugu, gazteen artean rocka asko entzuten baita, eta guk erakutsi nahi dugu bestelako zerbait ere badagoela. Gustura entzuteko moduko musika egiten dugu.
Baita elizan entzuteko ere?
Ez, hor Aleluya eta tankerakoak jotzen ditugu. Entseatzeko lokalen trukean hilean behin haurrentzako mezetan kantatzen dugu.
Magia ere egiten duzu. Nolatan?
Betidanik gustatu izan zait niri magia, pentsa nire txikitako idoloetako bat Txan magoa da. Atentzioa ematen zidan alor bat zen, eta probatzea erabaki nuen. Eskolan egiten den kultur astean Marsel magoaren aldamenean erakustaldi bat egin nuen, eta horixe izan zen nire lehen aldia. Ondoren Ganbara abesbatzakoek ere musikal batean mago bat behar zutela eta hor joan nintzen ni.
Trukoak ordea behin nola egiten diren jakinda, ez al du grazia galtzen?
Batzuentzat agian bai, baina niretzat ez. Izan ere ikusten baitut horrekin jendeak nola gozatzen duen...
Horretan ere autodidakta izan zara?
Bai, hemen inguruan ez baitago elkarterik.
Eta zein dira zure ohiko tresnak?
Kartak asko gustatzen zaizkit, gauza oso egunerokoa baitira, denok jolas egiteko modukoak.
ARGAZKIA:Josu Zubia bere bi pasioekin: gitarra eta magia egiteko kartak
miércoles, 9 de febrero de 2011
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)
No hay comentarios:
Publicar un comentario