2011-02-24 14:55:20 Sergio Azkarate
"Egunero jarraitu dugu Internetetik semearen ibilbidea eta emozio handiz hartu dugu garaipena". Horiek Markel Irizarren amak esandakoak. Kabarekin ospatu dute Oñatiko Zotz tabernan herrikidearen garaipena, oñatiarrak Andaluziako Itzulia irabazi eta gutxira. Iaz lortu zuen lehen garaipena profesionaletan, eta orain, bere kirol ibilbideko lehen itzulia poltsikoratu du RadioShack taldekoak. Azken etapa Freirerentzat izan da.
"Garaipen hau taldearena ere bada; lan ikaragarria egin dute itzuli osoan"
Sariak jaso ondoren Goienaren galderei erantzun die, eta "oso pozik eta gustura" dagoela esan digu. Bosgarren eta azken etaparen gainean galdetuta hauxe kontatu digu: "Azken 200 metroak izugarriak izan dira. %15eko desnibela zuen eta Van den Broeck-ek erasoa jo du. Metro batzuk atera dizkit, baina taldekideek egindako lanari esker, harrapatu egin dugu".
Liderraren maillota jantzi zuenetik, behin eta berriz taldeak egindako lana azpimarratu du, eta azken etapan euren laguntza ezinbestekoa izan da: "Talde indartsua dugu, eta erakutsi didate lan egitea zer den. Garaipen hau eurena ere bada. Nire eskerrik beroenak". Eskerrak ematerako orduan, ez ditu etxekoak, lagunak, emaztea eta semeak ahaztu.
Etapaz etapa
Benahavisko aitzinetapan egindako lan zoragarriak eman dio, neurri handi baten, garaipena Markel Irizarri (RadioShack) 57. Andaluziako Itzulian. Izan ere, bigarren izan zen erlojupeko hartan; Engoulvent (Saur Sojasun) frantziarrak ehunen batzuk atera zizkion 6,8 kilometroan.
Bigarren etapan, itzuliko etapa gogorrenean, Engoulventek minutu asko galdu zituen Adrako helmugan eta Irizarrek, taldekideen laguntza apartarekin, liderraren maillot gorria jantzi zuen. Hau zioen oñatiarrak: “Bi igoera ikaragarriren ostean, eta gorriak eta bi ikusi arren, taldekideen laguntzarekin lortu dut aurreko 20kotea harrapatzea, eta, ikaragarri lan ona egin dutenez, eurei esker jantzi ahal izan dut liderraren maillota”. Hivert (Saur Sojasun) frantziarrak irabazi zuen 43 lagunen artean jokatu zen esprinta.
Hirugarren etapan ere hainbat mendate gainditu behar izan zituzten, baina esprinta izan zen Jaengo helmugan. Ventosok (Movistar) irabazi zuen.
Laugarrena bide beretik joan zen: aurreko etapetan bezala, ihesaldi batek egin zuen aurrera. Lau laguneko ihesaldia, tartean Andy Schleck (Leopard) zela, eta 15 kilometro falta zirela irentsi zituen tropelak. Espero zen moduan, esprinta izan zen eta Freire (Rabobank) kantabriarrak jaso zituen besoak Kordobako helmugan.
Hortaz, azken etapa falta zen itzulia amaitzeko, bosgarrena. Etapa aurretik hau zioen Irizarrek: “Azken etapan, Antequeran, betiko amaiera aldatu eta enboskada bat jarri dute. Azken kilometroan malda handiko muino bat, eta jaitsiera arriskutsu bat jarri dute, eta azken helmuga gurutzatu arte ez da lasaitasunik izango”. Bada, horixe ere gainditu du oñatiarrak. Freirek irabazi du azken etapa.
Itzuli osoan, segundo batera izan du Van den Broeck (Lotto) belgikarra eta segundo bira taldekide bat: Leipheimer (RadioShack) estatubatuarra, baina ezin izan dute ezer egin Irizarri denbora hori kentzeko.
Markel Irizarren palmaresa, hemen.
(Argazkia: Bosco Martinena.)Podiuma: Jurgen Van den Broeck (Lotto), Markel Irizar (RadioShack) eta Levy Leipheimer (RadioShack).
GOIENAtik.
jueves, 24 de febrero de 2011
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)
No hay comentarios:
Publicar un comentario