martes, 8 de febrero de 2011

Ez da berandu euskara ikasteko

Izan ere, sekula ez da berandu euskara ikasteko
2011-02-08 12:00:53 Arritxu Barruso
Astelehen eta eguazten arratsaldeetan Pake Leku erretiratuen elkarteko bilera gela euskaltegi bilakatzen da. Gauza askorekin gertatzen den moduan, euskara ikasteko ere sekula ez da berandu, eta horixe uste dute, hain justu ere, euskara eskoletara joaten diren hamabost lagunek.

"Euskaraz ondo hitz egiten ikasi nahi dut, etxean denek euskaraz hitz egiten dutelako", kontatu digu Josefina Martinek. "47 urte daramatzat hemen eta beti ikasi nahi izan dut euskara, baina orain are gehiago, biloba txikiak ditudalako eta haiek euskaraz hitz egiten dutelako", dio Pedro Gartziak.

Urterik urtera gehiago
Aurtengoa hirugarren ikasturtea dute Pake Lekuko euskaltegi berezian, eta ikasle kopuruak urtetik urtera gora egin du. Joan den ikasturtea bederatzi ikaslerekin amaitu zuten eta aurten hamabost laguneko taldea osatu dute.

Hasieran erretiratu euskaldun zenbait hasi ziren irakasle lanetan eta iaz Pili Irazabal, irakasle izandakoa, hasi zen baita ere lan horietan. "Gustura hartu nuen proposamena, talde oso jatorra da, goxoa. Gainera, ez nago bakarrik: Mila Martinezek ere laguntzen dit eta lan handia egiten du", kontatu digu. Eskola oso arinak izaten dira eta euskara praktikatzea eta mingaina askatzea da helburu nagusia.

Irakasleak kontatu digu oso ikasle finak dituela: "Plazera da horrelako ikasleak izatea. Asistentzia oso ona da, gauza larriren bat izan behar dute eskoletara ez etortzeko. Gainera, etxeko lanak bidaltzen badituzu beti ekartzen dituzte eginda".

Piliren eta Milaren ikasleak badoaz apurka-apurka aditzak, deklinabidea eta euskarak dituen zailtasunak menperatzen. Jarrai dezatela beste urte askoan ere horrelaxe, beldur eta lotsa barik ikasten eta dakitena erabiltzen, hori da-eta garrantzitsuena.

No hay comentarios:

Publicar un comentario