martes, 1 de febrero de 2011

MADDI URKIA.

"Nikaraguatik gurera ekarriko nuke han duten poztasuna eta lasaitasuna"
2011-02-01 14:47:28 Arantzazu Ezkibel
22 urteko oñatiarra da Maddi Urkia. Haur Hezkuntza ikasi zuen Eskoriatzan eta orain Psikopedagogia egiten dabil Donostian. Nikaraguan egin zituen praktikak Urkiak; hango egoera ikusita, beste lagun batzuekin batera Eta guk zergatik ez proiektua sortu du.

Eta guk zergatik ez galdetu zenioten zuen buruei?
Bai, guk praktikak egin genituen eskola pribatua izan arren (Ebenezer, eskola ebangelista), urte osoko kuota eta matrikula umeko 30 euro besterik ez da. Hortaz, pentsatu genuen bakoitzak ume bati eskola ordaintzea. Gainera, familiakoek eta lagunek ere lagundu digute; hala, 40 ume dira hartu ditugunak. 6-12 urte bitarteko umeak dira, eta guztiak analfabetoak. Diriamba herrian izan ginen, hango auzo baztertuenean.

Beka hauen bitartez ume horiek eskolara joateko aukera izango dutela ziurtatzen duzue.
Bai, hori da. Guk argi utzi genien gurasoei dirurik ez dutela ikusiko. Jasoko duten laguntza izango da ume horiek urte osoko eskola ordainduta izango dutela. Orain arteko jarrera ona izan da. Izan ere, gu beldur ginen haur horiek eskolara joango ote ziren; izan ere, kasu batzuetan, gurasoek lanera bidaltzen dituzte. Baina bai, joan dira eskolara. Ikasturtea otsailetik abendura bitartean izaten da. Norbaitek laguntza eman gura badu, proiektuari buruzko informazioa http://etagukzergatikez.wordpress.com atarian lor dezake.

Bi hilabetez izan zineten Nikaraguan. Nolako esperientzia izan zen?
Polita eta ezberdina era berean. Gu praktiketan geunden; eguneko bost ordu egin behar genuen lan. Baina hango errealitatean sartuz gero... arratsaldeetan ere umeekin egoten ginen. Inguruko auzoetan egon ginen, bekak eman dizkiegun haurrak hautatzen eta ezagutzen.

Zer ekarriko zenuke Nikaraguatik gurera?
Poztasuna eta lasaitasuna. Han ez dabiltza egun guztia alde batetik bestera, gu bezala. Lasai bizi dira eta, askorik ez eduki arren, dutena banatu egiten dute.

Zeuon asmoa hemengo haurrei hango errealitatea erakustea ere bada.
Bai; Txantxiku ikastolarekin elkarlanean hasi gara. Asmoa da hemengo umeei hango errealitatea zein den erakustea, sentsibiliza daitezen.

Praktika hauek bidaiatzeko aukera eman dizute. Gustuko duzu bidaiatzea?
Bai, gustuko dut, baina, egia esan, orain arte ez dut askorik bidaiatu. Gehien gustatu zaidan lekua Nikaragua bera izan da. Oso leku polita da. Bestalde, Polonia ere gustuko dudan lekua da. Orain, berriz, Ukrainara bidaiatzeko ilusioa daukat.

Nikaraguara berriro joateko asmorik baduzu?
Bai, beti esaten dugu itzuli behar dugula... eta, orain, ikasketak amaituko ditugula kontuan hartuta, denbora luzeagoa izango dugu.

Haur Hezkuntza ikasi duzu. Umeak gustuko dituzun seinale!
Betidanik gustatu izan zaizkit umeak. Etxean esaten didate txikitan galdetzen zidatenean handitan zer izan gura nuen, irakasle erantzuten nuela. Gustuko dut haurrekin lan egitea eta gozatu egiten dut. Pazientzia behar dela esaten da, baina umorea ere behar da.

Bitxigintza da zure beste zaletasun bat. Jarraitzen duzu horrekin?
Eskulanak oso gustuko izan ditut betidanik. Bitxigintza ikastaro baten ibili nintzen bi urtez, baina orain, denbora faltagatik, nahiko utzita daukat. Egin izan ditudan gauzak erabili baino gehiago eman egiten ditut.

Kafetegi batean ere egin izan duzu lan. Kafea hartzera zoazenean kontuan izaten duzu nola ateratzen duten kafea?
Kafea nola ateratzen duten begira ez naiz egoten; bain zerbait hartutakoan edalontziak barrara itzultzen ditut. Hori, adibidez, egiten dut.
ARGAZKIA:Maddi Urkia, Oñatiko unibertsitatean

No hay comentarios:

Publicar un comentario