Gaur ere zozketa egingo dute: zapatua, domeka eta astelehenerako postuak zozketatuko dituzte. 19:30etik 20:00etara izenak jaso eta ondoren egingo dute zozketa. Bestalde, martitzena jaieguna denez (Domu Santu eguna) ez dute zozketarik egingo. Hori horrela, astelehenean, martitzeneko eta eguazteneko ehiza-postuak banatuko dituzte.
Paseko uso eta birigarroen ehizarako Aizkorri-Aratz parke naturalaren eremuan dauden ehiza-postuak dira zozketatzen dituztenak. Lehen aldia da. "Orain arte postuak libreak ziren, eta Ehiza Federazioak nolabaiteko kontrola ipini gura zuen. Gainera, 2007ko Foru Arauaren arabera, parke naturaletako ehiza-postuak legeztatuta egon beharko lirateke. Horiek biak kontuan hartuta lan egin du Pago Uso elkarteak", esan digu Urteagak.
Ehiza-lekuak txukundu dituzte
Eta, zeintzuk dira egindako lanak? "Ehiza-postu guztiak zenbakitu ditugu. Horren berri eman dugu Diputazioan eta basozaina etorri da GPSarekin mugak zehaztera", esan digu. Lan horiek eginda 86 ehiza-postu legeztatu dituzte Araotz, Arantzazu eta Belar aldean, basozainen eta federazioaren oniritziarekin. Horietatik 18 ehiza-postu lurjabeendako gordetzen dituzte, eta gainerako 68ak zozketatu egiten dituzte egunero.
Aizkorri-Aratz parke naturaletik kanpo gelditzen diren ehiza lekuak (Aurrekomendi, Bakue eta Urrexola, besteak beste), libreak izango dira aurrerantzean ere.
No hay comentarios:
Publicar un comentario