lunes, 7 de noviembre de 2011

Parte hartzea, umorea eta ura protagonista film laburren rallyan








Irudiz publizitate agentziak antolatuta, Oñatiko film laburren II. rallya egin zuten zapatuan Oñatin. Ura izan zen eguneko protagonista; kalean ura, eta ura parte hartzaileen film laburretan, ura izan baitzen antolatzaileek ipini zuten gaia. "Izadiko lau elementuak ziren hasiera baten gaia, baina eguraldia ikusita, azkenean ura aukeratu dugu" zioten antolatzaileek.
Hamaika taldek hartu zuten parte, "lehenengo edizioan baino gehiago, eta hori seinale ona da" kontutan izanda egunak ez zuela gehiegi laguntzen. Talde parte hartzaileetatik hamar ziren oñatiarrak, bat berriz, Eskoriatzatik etorritako kideez osatua.
Egun osoan zehar Oñatiko kale, auzo, ikastetxe, etxe zein tabernatan grabatu ostean aurkeztu zituzten lanak. Zine eta ikus-entzunezkoen alorrean zeresana duten kidez osatutako epaimahaikideek hartu zuten erabakia; emaitzak jakin aurretik, baina, Zuazola Institutuko aretoan eskaini zituzten film guztiak; jende asko bertaratu zen eta barre algara ederrak egin zituzten askok eta askok.
Umorez, dramaz, kantuz...
Nolanahi ere, lan txukunak aurkeztutako guztiak, izan ere, talde guztiek jakin izan zuten euren sorkuntzari ukitu propioa ematen. Batzuk kantuz, besteak umorez, beste batzuk drama ukitu batekin, baina guztiak ere txukun. Film irabazleak, honakoak; Baratzeko Lamiak taldearen Zure bila lanarentzat lehen saria.
Bigarrena Urtzi taldearen Ura lanarentzat eta hirugarrena, Gero pentsauku taldearen Hidrolismoarentzat. Epaimahaiaren sari berezia, Satz 85 taldearen Troskako urak eroan zuen.

No hay comentarios:

Publicar un comentario