lunes, 29 de julio de 2013

Andoni Regueiro

Andoni Regueiro: Leizeko bateria-jotzaile oñatiarra

Uzt. 28, 2013, 9:05 a.m. Aitziber Aranburuzabala
19 urte zituela hartu zituen Andoni Regueiro (Oñati, 1975) oñatiarrak lehenekoz, bateria jotzeko makilak eskuetan.  2011. urtea ezkero, Leize taldearekin gustura dabil. Oñatiko Atzeko kalean izango dira,Kalean abuztuaren 30ean, 22:30ean. Herriko Eko D Bul eta Hartzak taldeekin batera osatuko dute kontzertuko kartela.
Andoni Regueiro (eskuinean) Leizeko bateria-jotzailea da 2011 urtea ezkero

Dudatan zegoen Andoni Regueiro, baxua edo bateria aukeratu; Su Ta Gar taldeak Arrasaten egin zuen kontzertuan, Borxa Arrillaga garai hartako bateria-jotzaileak erabat liluratu zuenean erabaki zuen bateriaren aldeko hautua egitea, eta berehala eman zuen izena Musika Eskolan. Herriko lagunekin sortutako Alter Ego, segituan Lagash izena hartu zuen taldean eman zituen lehenengo kolpeak. Ondoren Donostiako Rock Privado-ko kide izateko proposamena jaso zuen; eta 2011. urtea ezkero, Leize taldearekin gustura dabil.

Jarraitzailea, orain taldekide

Leizeren lehenengo diskotik izan da Regueiro taldearen jarraitzaile: "Sarritan joaten nintzen euren kontzertuetara, kantu guztiak nekizkien. Miretsi egin dudan taldea izan da beti; Lagash taldearekin Buscando... mirando kantuaren bertsioa egiten genuela gogoratzen dut" dio Regueriok. Orain dela hiru urte, eurekin jotzeko proposamena egin zioten: "Arrasateko lagun batek eman zien nire izena. Ezin nuen sinistu telefonoa hartu eta Leizekoak zirela erantzun zidatenean. Martxoa zen eta apirilaren 29an Valladolideko Porta Caell aretoan egin genuen lehenengo kontzertua. Ikaragarria izan zen; hori bai, kirioak dantzan nituen!" kontatu du oñatiarrak.
Oso gustura dago orain, hasieratik sentitu bazuen ere guztien babesa. Honela aurkeztu dizkigu taldekideak: "Oso harreman ona dugu, bat gehiago izan naiz hasieratik. Felix Lasa da abeslaria eta gitarra, duen ahots indartsuak eta trasmititzen duen feeling-arekin bihotzeraino heltzeko abilezia du; Patxi Carrasco da gitarra nagusia eta koruak egiten dituena, etengabe eztabaidan ari gara biak [Barreak] eta Toño Rodriguez baxu-jotzaile ipurterrea, sekulako figura da! Gozamena da bere saltsan ikustea".

Entsegu lokala Zarautzen

Salbuespenak salbuespen, astean behin elkartzen dira Zarautzen duten entsegu lokalean; hangoak dira gitarra eta baxu-jotzailea. Talde langilea eta zorrotza dela dio: "Etxean prestatzen du bakoitzak dagokion zatia; etxeko-lanak eginda samurragoa da, lokaleko lanari etekina ateratzea. Detaile guztiak zaintzen dituzte, duten guztia ematen jarraitzen dute".
Soldata baina, Zahorren irabazten du Andoni Regueirok azken zortzi urtetan, eta aurrez ostalaritzan lan egindakoa da. "Betidanik amestu izan dut musikatik bizi ahal izatearekin, hori da-eta gustatzen zaidana; hala ere, ez nago kexatzeko moduan, guztiz betetzen nauen talde batekin nago-eta" dio oñatiarrak.

Udako kontzertuak

Jaioterrian jotzeko irrikaz dago: "Oñatikoa berezia izango da niretzako, orain urte batzuk ikusle moduan joan nintzen gaztelekura eta orain, berriz, euretako bat izango naiz. Jende askok eskatu izan dit herrian jotzeko, eta azkenean, data jarri dugu! Aspaldiko lagunak ditut Eko De Bul-ekoak eta iaz egin genuen Leizeren 30. urteurren biran, elkarrekin jo genuen Gasteizen. Egiten dugunarekin gozatu eta gozarazteko ahalegin guztiak egingo ditugula segurtatzen dizuet".
Oñatikoaz gainera agendan dituzte, besteak beste: Alacanteko Leyendas del rock jaialdia, Alfaron (Errioxa) izango dira abuztuaren 8 eta 9an eta Zarautzen, berriz, irailaren 27an.

Laster bi disko kalean

Esku artean dituzten proiektuen gainean galdetuta, laster bi disko kaleratzeko asmoa dutela azaldu du Regueirok: "Lehenengo aterako dena, 1988an kaleratu zuten Devorando las calles lanaren berrargitalpena da, betiko jarraitzaileek gustura hartuko dutena seguru! Zuzeneko bat ere badugu grabatuta eta lan hori ere laster ateratzeko asmoa dugu".
Ez dira, baina, geldik egotekoak, eta badabiltza kantu berriak egiten ere: "Bi kantu berri ditugu, horietako bat www.leize.es orrian duzue entzungai. Orain arte jasotako iritziek diote gure izaera edo markarekin jarraitzen dugula eta hori gustuko dute zaleek, eta baita guk ere. Kantu berri gehiago ere sortzen ari gara, datorren urtean edo gurako genuke bilduma berria kaleratzea".
Hesiaren bi aldetan egon denez, jarraitzeei buruz galdetuta honakoa erantzun du: "Uste dut musika lehen beste indar batekin bizitzen zela. Hala ere, Leizeren lehengo jarraitzaile gehienak hor daude oraindik ere eta poztekoa da zale gazteagoak gero eta gehiago direla ikustea".

Gorabeherekin bada ere, 30 urteko ibilbidea bizkar gainean

1982. urtean jaio zen Zestoan heavy eta rock gogor esparruan kokatzen den Leize taldea. Taldekideen joan-etorri ugarien ostean, garai hartako formaziokoa da oñatiarrarekin egun, jotzen duen hirukotea (Felix Lasa, Patxi Carrasco eta Toño Rodriguez). 1997an eten zen Leizeren ibilbidea, 2006.urtean berriz ere zuzenekoetara itzultzea erabaki zuten arte.
Bi maketa kaleratu ostean, argitaratu zuten 1988. urtean Devorando las calleslehen lan luzea, laster berrargitaratuko dutena. Harez gero, beste zazpi lanek osatzen dute gipuzkoarren diskografia: Buscando Mirando (1989),Acosándome (1991), Loca Pasión (1993), Todo por el suelo (1995), Esto es lo que hay (1997), Sólo para tí (2008) eta Lo que faltaba (2011).
Euskal Herrian jarraitzaileak baditu ere, etxetik kanpo izan du taldeak oihartzun handiagoa. Espainiako Estatuko heavy eta rock gogor esparruan, talde erreferentetzat dute-eta adituek. Taldearen ikur dira soinu gordinarekin eta koru askorekin osatutako kaleko errealitateari buruzko kantuak.

Musikaletan ere bateria jotzen du

Aitor Aranburu, Regueiroren bateria irakaslea, ordezkatu zuen  2009. urtean, Bergarako Musika Eskolak egin zuen Miserables musikalean eta baita uztailaren 7an Elorrion egin zuten Peter Pan musikalaren emanaldian ere. Partiturak lehenekoz eskuetan hartu zituenean beldurtu egin bazen ere, baiezkoa eman zuen oso gustuko du-eta orkestrarekin jotzea. Gogoz lan egin zuen, makilak astintzeko zuen estilo rockeroa, musikaletara egokitzeko.

No hay comentarios:

Publicar un comentario