Baietz, ba! Azkenean, Iñaxiok izango du arrazoi. Hamaika barre egin dugu haren bizkar. Baina argi!
Herri bakoitzean omen dago Iñaxioren bat. Baserritarra omen da, gainera. Hala kontatzen da, behintzat.
-Joan den ostiralean ere, astero-astero bezala, joan omen da Iñazio aurrezki-kutxara ea bere diruak bertan dauden ikustera. Eta enplegatuak astero bezala erakutsi behar izan dio dirua. «Hementxe duzu, Iñazio». Eta Iñaziok banan-banan kontatu billeteak. Ziurtatu han daudela, eta martxa. «Datorren ostirala arte». «Adio, Iñazio».
Eta denok barre egin ohi dugu Iñaxioren kontura:
-Hori da, hori!, artaburua, babalorea, kirtena, kaikua, sega-potea.
Iñaxiori baserriko tresna guztiak botatzen harrapatu gintuen krisiak. Baina Iñaxio are egoskorrago: krisialdia etorri zenez geroztik, astean bitan joaten omen da aurrezki-kutxara. Eta hirutan ere bai, tarteka. Kaletar jakintsuok ere pentsatzen hasiak gaude ez ote duen arrazoi baserritar fidagaitzak. Eta pozik joango ginateke geu ere aurrezki-kutxara, astean behin bederen, geure diruak bertan oso- -osorik ote dauden baieztatzera. Lotsa ematen, ordea; baserritar sega-potearena gogoan eta jendearen esamesa mehatxu.
Bai: argi dago zeinek asmatua den Iñaxioren kondaira urbanoa. Eta zerk eraginda sortua. Eta zeren beldur zabaldua. Eta zer asmoz elikatua gaurdaino.
Babalorea, kaikua, artaburua eta sega-potea izango da baserritar fidagaitza. Baina kaletar fidakorrok baino sega-poteagorik! Eta banan-banan joango bagina kutxetara geure aurrezkiak atera-tzera? Ez ote gara laster izango, bestela, kaikua eta sega-potea erosi beharrean. Gutxi fida.
PELLO ESNAL
miércoles, 19 de mayo de 2010
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)
No hay comentarios:
Publicar un comentario