lunes, 25 de abril de 2011

Aloñako igoera-Iñigo Diaz.....


Iñigo Diaz: "Aloñako igoera antolatzeko arrazoi bat hegan egiteko dauden tokiak ezagutaraztea da"
2011-04-25 00:00:00 Arantzazu EzkibelIñigo Diaz gasteiztarra da jaiotzez, baina Oñatin bizi da azkeneko hamarkadan. Badira 20 urte parapentean ibiltzen hasi zela. Hala, maiatzaren 8ko Aloñako igoerarako antolakuntza lanetan buru belarri dihardu.

Nola bururatu zaizue Aloñako igoera parapentean antolatzea?
Horrelako ekimenak antolatzeko hainbat arrazoi daude. Alde batetik, Aloñako igoerako antolakuntza taldeak zerbait berria egitea gura zuen. Betikoari aire berri bat eman gura zioten. Alpetan, adibidez, parapentea eta mendia uztartzen dituen lasterketa asko egiten dira. Mendira oinez igo eta gero hegan jaitsi.
Beste arrazoi bat da Euskal Herrian hegan egiteko dauden tokiak ezagutaraztea. Aloñako hegaldia, Urduñakoarekin batera, hemen dagoen onenetakoa izango da. Era berean, aldarrikatu gura dugu lur hartzeko zelai publikoak; izan ere, Santa Lutzia inguruan dauden zelai guztiak pribatuak dira eta arazoak izaten ditugu hemen ibiltzeko. Instituzioei egin gura diegu aldarria.
Esan behar da mendi lasterketak antolatzen dituzten beste elkarte batzuk dagoeneko jakinaren gainean daudela eta galdezka ibili direla. Berrikuntza da horrelako lasterketa bat; Jaenen egiten da horrelako bat, Cazorla mendilerroan.

Nola antolatuko duzue lasterketa?
Korrikalariak plazan hasiko dira; eta, parapentean doazenak Urtiagainen. Parapentean doazenak, baina, motxilarekin joan beharko dute, bederatzi bat kilo. Horiek ekipo arinak dira; orain arte erabili izan direnek 20 kilo inguru dituzte-eta.
Korrikalariek ordubete inguru beharko dute Aloñako puntaraino, eta guk ere Urtiagainetik antzera beharko dugu. Hori izan da helburua, lasterketa parekatua izatea. Goitik behera guk 10 minutu beharko ditugu hegaz, baina motxila prestatzen 5 bat minutu eta jasotzen beste horrenbeste. Hortaz, plazara nahiko antzera iritsiko gara.

Aireratzeko zela moldatuko zarete Aloñako puntan?
Arantzazura begira aireratuko gara; eta, gero airean emango dugu buelta. Iparraldeko haizea baldin badago, ostera, Aloñako puntatik berriro ere Belarrera jaitsi beharko dugu korrika eta gero han aireratu. Horrek esan gura du beste 15 minutu beharko ditugula Aloñatik Belarrera korrika. Lur hartzen dugun tokitik plazara ere motxilarekin joan beharko dugu.

Orain arte zenbat lagunek eman dute izena parapentean aritzeko?
Gure asmoa 30 lagun inguru izatea zen; dagoeneko 27 lagunek eman dute izena eta uste dugu 40 lagun inguru izatera iritsiko garela. Gainera, alde guztietatik etorriko da jendea: Bilbo, Gasteiz, Albacete, Segovia, Burgos, Madril... Ez dira ohiko lasterketak izaten, hortaz jendea gustura animatu da Aloñako igoeran parte hartzeko.

Horrenbeste parapente batera nola moldatuko zarete?
Aireratzerako orduan ez dugu arazorik izango; lekua handia da-eta. Lurreratzerako orduan, baina, kontuz ibili beharko dugu. Bi edo hiru batera ibili gaitezke, baina 20 ez. Gora korrika igo behar denez jendea sakabanatuta iritsiko da; eta, hartu dugun neurrietako bat da aireratzerako orduan parapenteen artean 30 segundoko tartea uztea. Hala hobeto moldatuko gara.

Eguraldiak nola baldintzatuko du lasterketa?
Eguraldiak asko baldintza dezake. Adibidez, euria egiten badu ezingo da hegan egin. Behe lainoa ere oso baxu baldin badago ezingo da egin, eta haize gogorra baldin badago ezta.

Ze leku izango dira onenak parapenteak ikusteko?
Aloñako punta leku ona izango da, 40 lagun aireratuko direlako. Iparraldeko haizearekin, Belarretik irtengo lirateke. Bestalde, Santa Lutziako zelaietan jaitsiko dira, eta plazatik ere oso ondo ikusiko da dena.

Orain dela urte batzuk parapente asko ikusten ziren Aloña inguruan. Gainbeheran dago parapentea?
Ez, nik uste dut orain ere asko egiten dela hegan, lehen beste edo gehiago. Gertatzen dena da lehen jaitsi bakarrik egiten zela –Aloñatik Santa Lutziara– eta orain hegaldi luzeak egiten direla. 1.600 metroko altuera hartzen dugu eta Kurtzebarrira edo Aizkorri ingurura joaten gara hegan.

Parapentean hastea gura duenak zer egin behar du?
Lehenengo ikastaro bat egin behar da, ofiziala, lau aste bukaerakoa. Gero, baina, praktika hartzeko bi urte inguru behar dira. Komenigarria da lagunekin ibiltzea.

Pirinioak hegan zeharkatzeko ahalegina

Orain dela bi urte Iñigok Diazek beste lagun batekin batera Pirinioak hegan zehartzeko ahalegina egin zuen. Orduan, baina, eguraldiak ez zien lagundu: "Aste bete genuen, eta justu aste horretan ez zigun eguraldi ona egin". Horrelako zeharkaldiak egiteko beharrezko jana, edana eta beharrezko arropak eramaten dituzte, izan ere oinez 4-5 ordu egiten dute egunero. Sei egunetan egin daitekeen zeharkaldia dela dio. Hala, aurten ere berriro egingo dute ahalegina. Lau laguneko taldetxoa elkartu dira, eta uztaila inguruan egingo dute zeharkaldia. "Ekaina izaten da garai onena hegan egiteko. Egun luzeak izaten dira eta airea beroa izaten da, hegan egiteko beharrezkoa", dio.

No hay comentarios:

Publicar un comentario