2011-04-10 14:03:55Irati Goitia
Alebin eta infantil mailako txirrindularitza lasterketak jokatu ziren atzo, zapatua, Aretxabaletan. 68 ziklistak hartu zuten parte lehiaketetan: 22k alebin mailan eta 46k infantilen kategorian. Alebin nesketan Irati Barrena oñatiarra izan zen lehena. Arratsaldeko 16:30ean puntu-puntuan epaileak txilibitua jo eta ziztu-bizian irten ziren alebin mailako neska-mutikoak. Lau buelta egin behar izan zizkieten Basabe poligonoari txirrindulari gaztetxoenek; itzuliko kilometro bat. Lehen bi itzulietan Asier Azkarate JMA taldeko arrasatearra izan zen nagusi, baina hirugarren bueltan ezin izan zuen eutsi eta atzean geratu zen. Azkenean, Imanol Alvarez Iturriaga taldeko elgoibartarra izan zen helmugara iristen lehena. Lau itzuliak egiten bigarrena ere elgoibartarra izan zen: Josu Astigarraga (Iturriaga taldea). Hirugarren postuko garaikurra berriz, Urretxura joan zen, Goierri taldeko Iñaki Salaberria izan zen kopa jaso zuena. Mutiletan ez zen bailarakorik sailkatu lehen postuan, baina bai nesketan. Lizarralde Kirolak taldeko Irati Barrena oñatiarra izan zen lehena, egin zuen lan onari esker. Asier Azkaratek ere izan zuen saria egin zuen esfortzu eta lan txukunagatik, Dorletako Amako lehen saria jaso zuen-eta. Infantiletan Infantil mailako txirrindulariek ere ibilbide bera egin behar izan zuten, baina kasu honetan zortzi itzuli egin behar izan zituzten hamahiru eta hamalau urteko neska-mutikoek. LanModel taldekoak izan ziren jaun eta jabe kategoria honetan. Lasterketa guztian zehar talde horretako lau kide joan ziren lehen postuetan eta eurek jarri zuten lasterketako erritmoa. Lehen bi itzulietan tropelean sartu ziren metara, baina hirugarrenerako LanModelekoek ihes egin zuten eta euren artean jokatu zuten lehia. Txirrindularien arteko aldeak nabarmenagoak izan ziren maila hobetan alebinetan baino. Azkenean, LanModeleko Oier Ibarguren eta Aitor Odriozolaren arteko azken esprintean erabaki zen garaipena. Haginak estututa zituztela sartu ziren biak helmugara, baina Ibarguren izan zen gehiago azken metroetan eta berak zeharkatu zuen lehenengo meta. Sailkapenean, lasterketan bezala, Azkoitiko LanModel taldekoa izan zen nagusi: lehena Oier Ibarguren izan zen, bigarrena Aitor Odriozola eta hirugarrena Unai Orbea. Nesketan talde bereko Maite Orbea izan zen lehena. JMA taldeko Josu Kortabarria arrasatearrarentzat izan zen Dorletako Ama eskolako lehen saria.
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)
No hay comentarios:
Publicar un comentario