domingo, 24 de abril de 2011

Banatuta ospatuko dute Aberri Eguna gaur ere indar abertzaleek

2011-04-24 10:05:15 Eneko AzkarateUdal eta Foru hauteskundeak begi-bistan dauzkagula ospatuko dute gaur 80. Aberri Eguna alderdi politiko abertzaleek eta hainbat elkarte eta sindikatuk. Ohi bezala, ikurrinak ikusi ditugu Debagoieneko hainbat etxetan.

EAJk, azken urteetan ohi denez, ekitaldia egingo du Bilboko Plaza Barrian, Euskadiren garaia izenburupean. 11:30ean egingo du ekitaldi politikoa eta Iñigo Urkullu EAJren Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak berba egingo du. Ondoren, herri bazkaria prestatuko dute Areatzan.

Bildu eta ezker abertzalea

Independentistak sareak Gernikan eta Baigorrin antolatu dituen ekitaldiekin bat egin dute Bildu koalizioa osatzen duten EAk eta Alternatibak, eta baita ezker abertzaleak ere. LABek, Bai Euskal Herriari ekimenak eta Udalbiltzak ere bat egin dute horiekin. Argi berdea independentziari izango da leloa.

Gernikan, manifestazioa eta ekitaldi politikoa egingo dituzte eguerdian, eta, herri bazkariaren ostean, jaiak hartuko du tokia arratsalde osoan.

Aralar eta Abertzaleen Batasuna

Aralarrek eta Abertzaleen Batasunak ez dute bat egingo Independentistak sareak eginiko deialdiarekin. Halre, Basaizea elkarteak Baigorrin antolatu duen egunean izango da, Nafarroaren Egunean. Izan ere, bat egingo dute gaur Aberri Egunak eta Nafarroaren Egunak.

Hamaikabat

Hamaikabatek, Donostian ospatuko du Aberri Eguna, Urgullen 11:00etan egingo duten ekitaldiarekin. Iñaki Galdos presidenteak egingo du berba. Manuel Irujo EAJko buruzagi historikoa hartuko du gogoan. Sare sozialen bidez, Aberri Eguna ospatzeko deia egin du H1!-ek.

ETAren komunikatua Aberri Egunean

Urtarriletik argitaratzen duen laugarren komunikatua eman du ezagutzera gaur ETAk, Aberri Eguna dela-eta. ETAk dio aro berri bat abiatzen ari dela, nahiz eta bidea "zaila eta gogorra" izango den.

No hay comentarios:

Publicar un comentario