2011-04-01 06:00:00 Xabi Urzelai Astelehenean, 13:30ak inguruan Zumarragan, Iban Velasco (Arrasate, 1980) eta Markel Irizar (Oñati, 1980) kontrario bilakatuko dira. Kontrario Euskal Herriko Itzuliak iraungo duen sei etapetan, Zallako erlojupekoak aurtengo irabazlea nor den erabakitzen duen arte.
datorren astera begira bi hauek lana oso zehaztuta dute: "Samu gorputzaldi oso onean dago, eta Euskaltelen bera da zaindu behar dugun liderra, harendako egingo dut lan", adierazi digu Arrasatekoak. Irizarrek, ordea, garbi du Radioshack taldetik zeintzuk jarraitu beharko ditugun gertutik: "Ni ezik gainontzeko guztiak [Barre]. Egia esan oso talde onarekin gatoz, Chris Horner –iazko irabazlea–, Andreas Kloden, Levi Leipheimer, Haimar... lau horiek izango dira gure liderrak. Lehenengo hiruretako edonork irabazi dezake itzulia, Haimar ez doa irabaztera, baina hiru ziklista horiendako taldekide oso garrantzitsua izango da".
Arrate eta Zalla
Pronostiko guztiek diote Arrateko etapa (eguena) eta Zallako erlojupekoa (zapatua) erabakigarriak izango direla aurtengo itzulian. Irizar eta Velasco, baina, bat datoz lehenengo etapak [Zumarraga-Zumarraga] min egin dezakeela esaterakoan. "Joan den astean inguru horretan ibili ginen entrenatzen, eta Antiguako maldak ondo errepasatu genituen. Igoera gogorra da, eta estua. Ondo kolokatuta egotea oso garrantzitsua izango da; han ez du inork itzulirik irabaziko, baina posible da liderren batek minutu erdi galtzea, eta gero hori oso zaila da errekuperatzea", dio Velascok. "Batez ere euria egiten badu izango da garrantzitsua", dio Irizarrek. Igoera ostean dagoen jaitsiera arriskutsu bilakatu daiteke euriarekin. Zorionez, guk ondo ezagutzen dugu tarte hori, eta Euskaltelekoekin eta Movistarrekoekin batera abantaila hori izango dugu". Velasco izan zen iaz talde laranjako ezuste positiboetako bat, aurrekoekin ibili zelako: "Ondo nago, baina hainbat arazo tarteko apur bat atzeratu zait gorputzaldi onean egoteko sasoia. Udaberriro izaten dut zerbait, gripea eta halakoak; orain gastrointeritis batekin egon naiz, baina ondo errekuperatu naizela esango nuke; gorputzaldi ona ez da egun batetik bestera galtzen. Ea iazko maila ematen dudan". Garaipenerako faboritoen gainean galdetzerakoan, biek ala biek bat egin dute: "Euskaltel etxean dago, eta Samu arriskutsua izango da. Horrekin batera, nire taldekideekin batera, Toni Martin, Frank Schleck eta Robert Gesink ikusten ditut faborito", adierazi du Irizarrek.
Arratekoa, galdu ezin dena
Amaitzeko, lantegian itzuliko etapa bat ikusteko jai eskatu beharko balute, zein aukeratuko luketen galdetu diegu Irizarri eta Velascori. Eta biek Arratekoa aukeratu dute: "Eta furgoneta edo autokarabana izanez gero, eta etapa jarraitzeko telebista txiki bat, ezin hobeto. Ziklistondako oso emozionantea izaten da Arrateko igoera, han egoten den giroa, zaleak gain-gainean animatzen... Gainera birritan pasako gara".
No hay comentarios:
Publicar un comentario