lunes, 4 de abril de 2011

BOSGARREN EDUKIONTZIA

Oñatiko udalak bosgarren edukiontziaren aldeko erabakia hartu du botoen gehiengo nagusiz 2011-04-04 08:24:38 Eneko Azkarateerantzun 1 Gehiengoz onartu zuten bosgarren edukiontzia osoko bilkuran Oñatin. Alde bozkatu zuten EAJk, Hamaikabatek, Aralarrek, PPk eta alderdi sozialistak; Zutikeko zinegotzia abstenitu egin zen; eta Ezker Batukoak kontra bozkatu zuen. Oñati Zero Zabor plataformako kideak osokoan egon ziren euren aldarrikapenak egiteko. Gaikako bilketarekin ados daudela esan zuten, baina "atez atekoaren aldekoak" direla gaineratu zuten.

2010eko uztailaren 5ean, Debagoieneko Mankomunitateak atez atekoaren alde egiteko erabakia hartu zuen. Baina hiri hondakinak kudeatzeko azken erabakia udal bakoitzaren esku utzi zuen. Hori horrela, Oñatiko udalak bosgarren edukiontziaren alde egitea erabaki du. Orain eskatuko dio Mankomunitateari dagozkion tramiteei hasiera emateko: besteak beste, bilketa sistema berria ezartzeko diru-laguntza eskaera eta sentsibilizazio kanpaina egitea. Oñati Ezkerretik koalizioko kideek banaka hartu zuten hitza. Zutikeko Joxe Ruiz abstenitu egin zen. Salatu zuen gaikako bilketaren gaineko informazioa osoko bilkura baino "egun gutxi batzuk lehenago" jaso izana. Eskatu zuen herritarren artean prozesu parte-hartzailea zabaltzea, eta gogoratu zuen Zero Zabor plataformaren sorrera eta egiten diharduten lana. Aralarko zinegotzi Miren Arregik "bai" esan zion bosgarren edukiontziari, eta EBko Karmelo Arregik esan zuen "agintaldi bukaerako marketing estrategia" dela bosgarren edukiontziaren proposamena. PPko zinegotzi Julio Perez de Arriluzeak ere hitza hartu zuen: "Halako erabaki bat hartzeko azterketa bat egin beharko litzateke herritarren artean; inkestaren emaitza ikustea gustatuko litzaidake".


Inkesta pribatua


PPko zinegotziari erantzunez, Lourdes Idoiaga alkateak esan zuen 386 herritarren artean egindako inkestaren emaitzak aintzat hartuta egin dutela bosgarren edukiotziaren aldeko apustua, eta gaineratu zuen otsaileko bigarren hamabostaldian egin zituztela inkestok telefonoz. "Inkestatuen %64,79 alde dago, eta %19,69, aldiz, kontra. Emaitza adierazgarriak dira", nabarmendu zuen Idoiaga Oñatiko alkateak, osoko bilkuran.


Zero Zabor plataformakoak


"Gaikako bilketa aukera egokia dela uste dugu. Bilketa sistematik hasi beharko ginateke eta, ondoren, erraustegi plantari aurre egin", esan zuten Zero Zabor plataformako kideek. "Guregana ez da inkestarik heldu. Oraintxe jakin dugu horren berri", salatu zuten. Bosgarren edukiontziarekin atez atekoarekin baino gutxiago birziklatzen dela ere gaineratu zuten. "Bosgarren edukiontzia ipintzen baduzue, ziurtatu konposta egiten dela. Ez dela zaborra erretzen", exijitu zuten.

No hay comentarios:

Publicar un comentario