lunes, 24 de junio de 2013

2013 Jaietako programaren azala aukeratzeko lehiaketa

San Migel jaietako programaren azala aukeratzeko lehiaketa abian jarri da berrikuntza ugarirekin


2013/06/24

Lehiaketa, 18 urtez gorako artista denei zabaldu zaie, lan saritua herritarren botoz erabakiko da eta saria bera igo egin da.



San Migel eta Errosarixo jaietako egitarauaren azalean agertuko den irudiari garrantzia eman nahi zaio eta horretxegatik, lehiaketa, edonongo artistei irekitzea erabaki du udalak. Saria ere, iazko 350 eurotik 500 eurora igo da.



Jaixetako egitaraua irekiko duen irudi lehiaketara, 18 urtez gorako edonork har dezake parte. Lanetarako erabiliko den teknika librea izango da baina derrigorrean, “OÑATIKO JAIXAK 2013” idatzia agertu beharko da. Lanen tamaina ere mugatu egin da eta A2 tamainakoak edo honen proportzionalak izan beharko dira.



Lanak, egilearen sinadurarik gabe aurkeztuko dira. Lan bakoitza identifikatu ahal izateko, atzealdean lema bat eraman beharko dute. Eta lanekin batera, lema berbera daraman sobre itxi batetan egilearen datuak eta nortasun agiriaren fotokopia jaso beharko dira. Lanak kultur etxean entregatu beharko dira eta horretarako epea, uztailaren 12an amaituko da.



Nagusien maila honetan sari bakarra emango da, 500 eurokoa, lehen esan bezala. Horrezaz gain noski, aukeratutako lana, etxe guztietara zabalduko den jai programaren azalean agertuko da.



Baina aurtengo deialdiak beste berritasun bat ere badu, eta hori, epaimahaiari dagokio. Herritarrek beraiek aukeratuko dute lan saritua. Aurkezten diran lan guztiak Santa Ana aretoaren sarrerakoan jarriko dira ikusgai, uztailaren 15etik 19ra, herritarrek bozka dezaten.



Baina 18 urtez gorakoei zuzendutako lehiaketa nagusi horrezaz gain, haur eta gazteen partaidetza sustatzeko asmoz , aparteko deialdia egin da 18 urte bitarteko artistei zuzenduta. Sail honetan ere, nahi den teknika erabili ahal izango da eta lanak, gutxienez, A4ko neurria izan beharko du eta “Oñatiko jaixak 2013” idatzia ere agertu beharko da. Aurreko kasuan bezala, lanarekin batera egilearen datuak jasoko dituen sobrea aurkeztu beharko da.



Kategoria honetan, hautatutako lanaren egileak saria materialetan jasoko du. Saria aukeratzerakoan egilearen adina kontutan hartuko da. Kasu honetan, saritutako lana ez da jai egitarauaren azalean agertuko baina argitaratu egingo da.



Iturria: Oñati irratia

No hay comentarios:

Publicar un comentario