jueves, 13 de junio de 2013

Bakartxo Tejeria


Legebiltzarreko presidentea Oñatiko alderdikideekin izan da


Eka. 13, 2013, 11:47 a.m. Zuriñe Velez de Mendizabal

Eusko Legebiltzarreko presidente Bakartxo Tejeria Oñatiko batzokian izan zen atzo alderdikideekin informazioa eta iritziak trukatzeko. Haiekin egon aurretik, herritarrak kezkatzen dituzten zenbait gairi buruz egin zuen berba Goienako kamaren aurrean, bakegintza zein hondakinen kudeaketari buruz, besteen artean.



Bakartxo Tejeria, Lourdes Idoiagarekin hizketan. Argazkia handitu


Atzo, eguaztena, Oñatiko Batzokiraino gerturatu zen Bakartxo Tejeria Legebiltzarreko presidentea. Alderdikideekin iritziak eta informazioa partekatzea izan zuen helburu. Tejeriak aitortu zuenez, ez du oso ongi ezagutzen Oñati eta oro har, ezta Debagoiena ere, eta horrelako bilerek bertako errealitatea gertuagotik ezagutzeko aukera ematen diotela gaineratu zuen.



Besteen artean, azken aldian, herrian bertan eta ibarrean orokorrean, puri-purian dagoen hondakinen gaien inguruan egin zuen berba. Legebiltzarrean ere gaia landu dela gaineratu zuen, eta sistema inposatzearen aurka azaldu zen.



Herritarren kezketariko bat izaten da bizikidetza eta bakea horren inguran ere egin zuen berba. Tejeriak uste du Euskal Herrian bakea lortzeko bidean Legebiltzarra agente aktiboa izango dela. "Horrek ez du esan gura gainerako taldeek ez dutela parte hartu behar. Baina aspaldian ez bezala, egun Legebiltzarrean alderdi guztiak gaude eta tokirik aproposena da akordioetara iristeko".



Amaitzeko, krisiadi ekonomikoaz egin zuen berba. Legebiltzarreko lehendakariak azaldu zuenez, egunero lantzen gaia legebiltzarrean eta akordioetara iristen saiatzen dira, "nahiz eta lortzen ez diren akordioak izaten diren albiste normalean".



Askotan esan izan du Tejeriak Euskadi Espainiarekiko ezberdina dela, baita krisi kontuetan ere: "Zentralizazio jarduera eramaten ari dira Madriletik eta krisiaren aitzakiarekin hartzen dituzten erabakiekin gu gara kaltetuak. Horregatik herri bat garela eta erabakitzeko eskubide bat daukagula aldarrikatzen dugu".



No hay comentarios:

Publicar un comentario