Bere kirol ibilbideko lehen garaipena da
Iokin Garai irabazle Montan Aspe lasterketan
Asteburu bikaina izan da ekaineko hirugarren asteburua, gure mendi lasterkarientzat. Iokin Garaik bere kirol ibilbideko lehen garaipena lortu zuen Bedousen (Frantzia), Montan Aspe izeneko lasterketan. Emaitza zoragarri honi, Joseba Molinerok larunbat iluntzean Gabez Takarraran Eskoriatzako lasterketan lorturiko bigarren postua gehitu behar zaio.
Garaipen bat lortzea, bereziki kirol inbibidualean, oso zaila izan ohi da. Sasoiko egoteaz gain, zorte pixka bat edukitzea ere garrantzitsua izaten da eta badirudi Iokin Garai mendizale oñatiarrak bi faktore hauek aldeko izan zituela larunbatean. Ondo topatutako zortea lagun, baina bereziki azken urte hauetan egiten ari den lanaren ordainsaria jaso zuen Beodusen (Frantzia). Montan Aspe izeneko mendi lasterketa jokatu zen larunbatean. Hiru distantziatako lasterketa izan zen. Motzena, 13 kilometrokoa, erdibidekoa 29koa eta azkenik luzeena 50 kilometrokoa. Azken honetan hartu zuen parte Garaik. Lasterketa oso gogorra zen izan ere, distantzia luzeari gora-behera metatu handia gehitu behar zitzaion (3340 m.).
Hiru lasterketen artean 500 bat korrikalari bildu zituen lasterketak. 112 korrikalari izan ziren proba nagusian helmuga zeharkatzea lortu zuten korrikalariak eta guztietan azkarrena Iokin Garai izan zen 5:36:30 denborarekin. Bigarren sailkatuari hamar minutu pasa atera zizkion Garaik. Garaipen honekin, orain artean burutzen ari zen denboraldi bikaina borobildu du izan ere aurrez beste bi podium lortuak zituen dagoeneko. Larunbateko lasterketako emaitzak hemen.
Joseba Molinero bigarren Eskoriatzan
Bestalde, larunbat gauean Eskoriatzan, Gabez Takarraran izeneko lasterketaren 4. edizioa jokatu zen. 148 lagun batu zituen probak eta giro bikaina lagun zutelarik osatu zituzten lasterketako 23 kilometroak. Gizonik indartsuena Josep Maria Pijuan Kataluniarra izan zen bai igoeran eta baita jaitsieran ere. Igoeran kataluniarraren atzetik Iñaki Uribe-Etxeberria izan bazen ere, arazoren bat edo beste izan zuen jeitsieran eta Joseba Molinero oñatiarrak hartu zuen bigarren postua helmugan, lasterketa bikaina osatuz.Hala, podiuma horrela osatu zen: Josep Maria Pijuan (1:55:05), Joseba Molinero (2:00:33) eta Andoni Gomez (2:04:58).
Iokin ezkerretan garaikurrarekin eta Joseba eskuinean helmuga zeharkatzen |
No hay comentarios:
Publicar un comentario