Usakoko bainu denboraldia.
2013/06/26
Larunbatean hastekoa zen denboraldia ur handien ondorioz lau egunez atzeratu da.
Udaberriko eguraldi euritsuak ofizialki hilaren 22an hastekoa zen Usakoko bainu denboraldia atzeratzea ekarri du. Arantzazu errekaren emaria handia zenez bainurako arriskutsua izan zitekeela ikusi zuten udaleko kirol arduradunek eta ondorioz, denboraldiaren hasiera lau egunez atzeratzea erabaki zuten. Lau egun horiek pasatu dira. Larunbataz geroztik gainera ez du euririk egin eta soroslea bertan dela arratsaldeko 3etan hasi da Usakoko bainu denboraldia. Hala ere, bainua kontuz, arretaz hartzeko kartela jarrita hasi da.
Usakoko bainu denboraldia apur bat atzeratuta hasi den arren, azken orduko aldaketarik ez badago, aurre ikusitako egunean amaituko da, irailaren 15ean hain zuzen. Bi hilabete eta erdi horietan, Usako gunean, soroslea arratsaldero izango da, 3etatik 8etara. Tarte horretan, soroslearen gomendioak eta esanak betetzea eskatzen da. Bai bainua hartzerakoan baita inguruan dauden zerbitzu ezberdinak erabiltzerakoan: dutxa, iturria edo soroslearen txabolan dagoen komuna, esaterako.
Gunearen segurtasuna bermatzeko bestalde, bainu denboraldiak irauten duen bitartean hainbat neurri berezi hartu dira eta urteroko moduan, udaltzainei tarteka eta maiztasun jakin batekin, inguruak zaintzera joan daitezela eskatu zaie.
Iturria:Oñati irratia
Argazkia:NATXO
No hay comentarios:
Publicar un comentario