lunes, 9 de septiembre de 2013

ARANTZAZU

Arantzazuko egun handia

Ira. 9, 2013, 4:02 p.m. Julen Iriondo
Gaur, irailak 9, da Arantzazuko Ama Birjinaren eguna. Gipuzkoako zaindariaren eguneko ospakizunetan izan dira, ohi bezala, erakundeetako ordezkariak, toki desberdinetatik iritsitako herritarrekin batera, horietako hainbat oinez erromesaldian joanak.
Goiz iritsi dira lehen erromesak Arantzazuko santutegia. Gaurkoa egun handia da eta garaiz iristea komeni izaten da. Jai egun ofiziala izan ez den arren, kotxeek Arantzazuko parking guztiak bete dituzte, eta aurreko urteetan baino gutxiago izan diren arren, zenbaitek kotxea errepide bazterrean utzi behar izan dute.
Ekitaldi nagusia meza izan da eta horren aurretik Gipuzkoa eta Oñatiko ordezkariek Arantza Tapia Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomiko eta Lehiakortasun sailburua, Jon Darpon Osasun sailburua eta Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidenteari ongi etorri egin diete.
Aurtengo harrera berezi izan da, urte askoren ostean, ez da txistularirik egon eta ekitaldi informalago bat izan da. Mikel Biain, Oñatiko alkateak argitu bezala "protokoloa bete nahi izan dugu, baina era naturalago batean". Oñatiko EAJren bozeramailea den Lourdes Idoiagak adierazi moduan "hamarkada askoren ostean, agintariei zor zaien agurraren zati bat galdu da".
Hasierako agur horretan ez da Iñigo Urkullu lehendakaria egon, agenda arazoengatik, beranduago iritsi baita Arantzazura. 

Basilika jendez lepo

Fededun asko batu da Munilla gotzaina buru izan duen elizkizuna entzuteko. 15 apaiz baino gehiagoren laguntzarekin ospatutako meza izan da. Gotzaiak bere homilian fedearen garrantzia gogoratu du, eta zapatuan Aita Santuak Siriari buruz esandako hitzak gogora ekarri ditu "Gerra inoiz ere ez, gerra sekula ere ez! Bakea dohain zoragarria da eta bultzatu eta babestu behar dugu.(...) Indarkeria erabiltzeak ez du inoiz ere ez bakerik ekartzen".
Munilla hitz egiten ari zen bitartean emakume talde batek abortuaren aldeko otoitz bat zekarren paper batzuk bota ditu korotik.

Presoen aldeko elkarretaratzea

Ohi bezala, euskal presoen eskubideen aldeko bilkura ere egin dute hainbat lagunek kanpoaldean. Bertan bildutakoek presoen gaineko txosten bat helarazi diote Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiari.
Garitanok txostena aztertu eta beste alderdiekin partekatuko duela agindu die.

No hay comentarios:

Publicar un comentario