lunes, 16 de septiembre de 2013

Torturaren aurkako dokumentala

Oñatiko Euskal Memoria Taldearen eskutik aste honetako proposamena:


Torturaren aurkako dokumentala, irailak 18  asteazkena
Oñatiko kultur etxian, arratsaldeko 19:00tan.
 
“BARRUKO ARRASTUAK”

Azken bost hamarkadatan (Frankismo garaitik gaur egunera arte) Oñatin izan diren atxilotuen zerrenda egiteari ekin genionean, datu oso gutxi genituen. Eta egindako lan mardularen ondorioa hau izan da: 168 atxiloturen izen-abizenak, emakumeak 26 direlarik. 168 oñatiar hauetatik 59k torturatuak izan direla onartu dute, eta 59 hauetatik 4 emakumeak dira.
Datu bilketa honen emaitza “Barruko arrastuak” dokumentala da; bertan torturatuak izan ziren 5 oñatiarren testigantzak agertzen dira, Isabel Atxa, Koldo Guridi, Iker Loiti, Gotzon Osinaga eta Joxe Mari Zugastirenak hain zuzen ere, torturatuak izan diren Oñatiarren ordezkari gisa. Testigantza hauen edukia 2 ikuspuntu profesionalen aldetik osatzeko, Euskal Herriko Giza Eskubideen Behatokiko abokatua eta “Oso latza izan da -Tortura Euskal Herrian” liburuaren idazlea den, Julen Arzuaga eta Jaiki Hadi elkarteko psikologoa den, Oihana Barriosen hitzak ere ekartzen ditugu.
Egia ezagutu eta justiziari bidea ireki behar diogu guztion artean, urratsak emanez eta gure memoria onartuz. Ondorengo belaunaldiek gertaturikoaren egia ezagutzeko bide bakarra memoria historikoa berreskuratzea da. Urteetan isilarazi dizkiguten kontakizun eta bizipenek argia ikusi behar dute. Etengabe faltsutu diguten historia berreskuratu eta geure hitzetatik idatzi behar dugu.
           
OÑATIKO EUSKAL MEMORIA TALDEA

No hay comentarios:

Publicar un comentario