Jauzi eta brinko ibili ziren Debagoieneko Dantzari Egunean bost dantza taldeak
160 dantzaritik gora eta guztira bost dantza talde, atzo Oñatin egin zuten Debagoieneko Dantzari Egunean: Soraluzeko Urrats, Antzuolako Oinarin, Arrasateko Arrostaitz eta Lore Gazteak, eta Oñatiko Oñatzek, dantzan ipini zuten kalea lehenik, eta Zubikoa kiroldegia ondoren. Izan ere, euria egiteko arriskua zegoela ikusirik, emanaldiak estalpean egitea erabaki zuten.
Aurten oñatiarrek antolatu dute Debagoieneko Dantzari Eguna; Oñatz dantza taldeak, zehatz. Euskal dantza tradizionalak, beraz, babesleku izan zuen zapatuan Oñati, eta herritarrek ere erantzun zuten; dantzak Zubikoa Kiroldegian izanik ere, jende dezente joan zen bai goizean eta baita arratsaldean ere, bailarako dantza taldeen emanaldiak ikustera.
Agurra, dantza talde guztiek
Zapatuko jaian parte hartu zuten dantza talde bakoitzetik ordezkari bik eman zioten hasiera goizeko emanaldiari, guztiek batera, aurreskua dantzatuz. Dantza, kantua eta umore ona nagusitu ziren Zubikoa Kiroldegian elkartu ziren dantzari zein ikusleen artean. Orduan gozatu genuen, Bizkaiko mutil dantzaz, Itai dantzaz, Arratiaz, edota Lesakako dantzez, beste batzuen artean. Giro ederrean igaro zen goizeko emanaldia eta handik, guztiak batera, Etxe Aundi jatetxera egin zuten bazkatzera.
Arratsaldeko emanaldia, aldiz, herriko plazan egin zuten; jende asko batu zen dantza taldeek emanaldia ikustera, eta ederto pasatu zuten bertan bildutakoek. Arratsaldean Gipuzkoako mutil dantzak, Jaurrieta, edota Iribas bezalako dantzak eskaini zituzten eta amaitu, Larrain dantzarekin amaitu zuten. Ikusleak ere animatu ziren Larrain dantza egitera eta horrela, giro ederrean eman zioten bukaera aurtengo Debagoieneko Dantzari Egunari.
Oñatz dantza taldeko kideak oso pozik agertu ziren egunak utzitakoekin; aurreikuspen guztien arabera joan baitzen guztia eta dantzari eta herritarrak gustura gelditu zirelako.
GOIENA
domingo, 2 de mayo de 2010
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)
No hay comentarios:
Publicar un comentario