Aratz Losada: "Esatari moduan jarduteko norberak kirola egiteak izugarri laguntzen du"
2012-04-25 00:00:00 Xabi Urzelai
Galderak erantzutera baino egitera ohituago dago Aratz Losada (Oñati, 1985). Oñatiko kirolari guztiak ezagutzen dituela esanda ia-ia asmatuko genuke, Oñati irratiko mikrofonoetan ez bada, seguru, probaren bateko helmugan elkarrizketatu duelako, speaker lanetan. Oraingoan, baina, berak bota du izerdia, bost ordu pasatxoan (5:11:03) Marbellako Ironman erdia egin du-eta Pazkoa Astean. Sei hilabete eman ditu hitzordu horretarako entrenatzen, eta esperientziaren gainean egin digu berba.
Kirolera bideratutako oporraldia izan duzu.
Bai, hori zen asmoa, gainera. Iaz lesioren bat eta lan kontuak tarteko kirol kontuetan ez nuen urte oso ona izan, ez nintzen oso motibatuta ibili. Eta aurtengo urterako erronka potoloa jarri nahi nion buruari. Egutegian begira ibili nintzen oporrak aprobetxatuta ze lasterketa egin nezakeen, eta hala aukeratu nuen Marbellako distantzia luzeko triatloia.
Lehenago ere triatloiak egindakoa zara, baina hau distantzia luzekoa izan da, ironman erdi; Donostiako maratoia izan zen zure lehen kirol erronka handia, eta orduan ez zinen oso gustura geratu.
Ez, 2009an egin nuen maratoia, eta giharretako arazoekin ibili nintzen. Pentsatzen hasita, goizegi egin nuen lasterketa hura, hau da, gorputza moldatu egin behar da erresistentziako proba luzeetara, eta ni oraindik ez nengoen ohituta.
Marbellatik, berriz, oso pozik itzuli zara.
Sekulako esperientzia izan da. Lasai hasi nuen proba, uretan nahiko ondo moldatzen naiz, eta bizikletan beharrezkoa zena estutu nuen, ez gehiago. Taldekideekin berba eginda, eta maratoiaren esperientziatik, banekien lasai ibili behar nuela, beherakadaren bat izango nuela. Asko zaindu nituen jatekoak eta edatekoak.Korrika hasi eta ondo nengoela ikusterakoan erabaki nuen estutzea, fresko nengoelako; oso ondo iritsi nintzen helmugara.
Etxeko lanak ondo eginda zenituen seinale.
Sei hilabete gogor izan dira, hori da egia. Goizetan 07:00etarako hasten nuen lehenengo entrenamendu saioa, eta lan kontuak eta bestelako konpromisoek ez didate lasai entrenatzeko tarte askorik uzten. Asteburuak entrenatzeko aprobetxatzen nituen, eta lagunekin afariak eta halakoak baztertuta izan ditut. Gogorra egiten da, baina proba ondo egiteak ematen duen poztasunak merezi du helmugara.
Halakoetan izugarri eskertzen dira ondokoen laguntzak.
Badut, bai, eskerrak nori eman. Hasteko etxekoei, besteak beste, lasterketa egunean Marbellan egon nahi izan zutelako. Eta hor, amaren lana azpimarratuko nuke. Halakoetan jendeak badaki ze tonto jartzen garen jateko kontuekin, entrenamenduko arropak etengabe garbitu beharra... Eta hor egoten da ama, beti. Horrekin batera entrenatzaileari ere eskerrak eman behar dizkiot, planifikazioa oso ona izan delako eta gainean egon delako uneoro. Asko zor diet, baita ere, Iñigo Tercerori eta batez ere Iban Letamendiri. Entrenamendu-kideak izan ditut, euri zaparrada bat baino gehiago jasan dute entrenatzen laguntzearren, eta amaitzeko lagunei ere eskerrak, animo mordoa jaso dudalako euren partetik.
Distantzia luzeko probei gustua hartzen hasita... Zahartzen ari zaren seinale.
[Barre] Bai, hori dio esaerak. Adin batetik aurrera gorputza hobeto moldatzen dela distantzia luzeko probetara...
Ironman erdi eginda, beste pauso bat ematea geratzen zaizu.
Ironman erdi prestatzea kostatu zaidanarekin, ez dakit zelan moldatuko nintzatekeen ironman bat prestatzen. Taldean batek baino gehiagok komentatu dit, eta printzipioz ez dut baztertzen, baina ordu asko eskaini behar zaizkio, ahalegin handia egin behar da, eta ez dakit horretarako prest nagoen. Aurrerago, batek daki.
Lehenago, Bilboko triatloia, maiatzean bertan.
Bai, orain dudan gorputzaldi ona aprobetxatzea da asmoa, eta Bilbokoa ere distantzia luzeko proba da. Marbellakoa ondo irten zaidalako ez dut Bilbon helburu zehatzik jarri nahi, distantzia honetan hasiberria naizelako eta konfiantza larregi hartzea komeni ez delako. Ondo amaitzeko asmoz noa.
Zer nahiago, kirola barrutik bizi, ala kanpotik jarraitu?
Erantzun zaila da hori, aitarekin ala amarekin nahiago erantzutea modukoa [Barre]. Bietan gozatzen dut nik. Hurrun joan gabe, aurten Oñatiko saskibaloi taldeaz izugarri gozatu dut kanpotik.
Kirol esatari moduan jarduteko lagungarria da norbera kirolaria izatea?
Duda barik, kirol jarduera barrutik ezagutzen duzulako, kirolak ematen dituen gauza on eta txarrak zeintzuk diren norberak ere badakizkielako, momentu on horietan zer sentitzen den, kirolaria une txarrean badago zelan egongo den... Oso lagungarria da.
miércoles, 25 de abril de 2012
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)
No hay comentarios:
Publicar un comentario