domingo, 29 de abril de 2012

XXX Lizardi Saria

"Egundoko ilusioa egiten dit Zarauzko ikasleek liburua irakurri egingo dutela jakiteak"


Idoia Etxeberriak (Oñati, 1977) Zarauzko Udalak antolatutako XXX Lizardi Saria jaso du aste honetan 'Ez dago argi' lanagatik. Liburua Gipuzkoako kostaldeko herri honetako ikasleen artean banatu dute. Maiatzaren erdialderako Elkarren edizioa ere kalean izango da



ANABEL DOMINGUEZ - Sábado, 28 de Abril de 2012 - Actualizado a las 05:26h

(anabel dominguez)
OÑATI. "Gaztetxoek liburua irakurtzen ondo pasatzea gustatuko litzaidake", adierazi zuen Donostian bizi den oñatiar honek. Urtarrilean jakin zuen Lizardi Saria irabazi zuela: "Oso pozgarria izan da. Ez nuen espero. Ilusio handia egin dit", baieztatu zuen. Joan zen astelehenean, Liburuaren Nazioarteko Eguna aprobetxatuz, saria banatzeaz gain (3.700 euro), Zarauzko Udaleko Euskara zerbitzuak Ez dago argi argitalpenaren aurkezpena egin zuen. Haurrentzako ipuin hau Etxeberriaren bakarkako lehenengo liburua da. Kazetaria ere bada eta kultur alor desberdinetan aritu izan da lanean. Gainera, idaztearekin batera,"eskulanak egitea ere oso gogoko dut", zehaztu zuen oñatiarrak.




Ez da lehenengo saria Zarautzen irabazi duzuna.



Duela urte batzuk, hamar urte inguru, Olerti Etxeak antolatutako bakarrizketa dramatikoen lehiaketa irabazi nuen Zarautzen, Bakartxo an-tzezlanarekin. Taularatu egin zuten eta oso esperientzia polita izan zen. Ainhoa Alberdi aktoreak egin zuen Bakartxoren papera; oso ondo, gainera.



Oraingoan, 'Ez dago argi' lana aurkeztu duzu. Nola hasi zinen proiektu honekin? Zer kontatzen du liburuak?



Haurrentzako ipuin bat da, istorio xumea, eguneroko kontuekin lotua. Etxeko leihotik begira nengoela bururatu zitzaidan ideia: konturatu nintzen pareko etxe batean argia piztuta zegoela beti. Goizeko ordu txikietan ere bai. Zergatik ote da? Zein biziko da hor? Egoerak imajinatzen hasi nintzen. Eta horrela jaio zen Mireia, ipuineko protagonista. Hamaika urteko neskatila da, ikerlari sena duena, eta leihotik ikusten duen argiaren misterioa argitu nahi du. Bere lagunei eta familiakoei laguntza eskatuko die horretarako.



Lizardi Saria erreferentziala da haur eta gaztetxoen euskararazko ipuingintzan. Lehiaketa honek duen ospea azpimarratzeko ikusi besterik ez dago aurreko urteetan irabazle izan diren idazleen zerrenda: Mariasun Landa, Bernardo Atxaga, Felipe Juaristi, Pello Esnal... Hau kontuan hartuta, sariari beste garrantzi bat ere ematen zaio.



Bai, izen horiek guztiak entzunda... Ni ere harritu egiten naiz nire izena zerrenda horretan dagoelako!



Idatzi duzun liburuaren 2.500 ale banatuko dira ikastetxeetan.



Edizio berezia egin dute ikastetxeetarako. Zarauzko zortzi urtetik gorako ikasleei banatuko diete. Egundoko ilusioa egiten dit irakurri egingo dutela jakiteak. Astelehenean, Liburuaren Egunean, izan zen aurkezpena; eguna ezin zen aproposagoa izan! Eta liburua oso polita geratu da, Eider Eibarren marrazkiekin. Elkarren edizioa maiatzaren erdialderako egongo da kalean.



Zein helburu lortu nahi duzu zure lanarekin? Nolako harrera espero duzu izatea gaztetxoen artean?



Nik idazten oso ondo pasatu dut, eta beraiek irakurtzen ondo pasatzea, horixe gustatuko litzaidake! Gaztetxoek liburuarekin disfrutatzea, azken batean. Ipuinen jakin-minari, askatasunari eta irudimenari buruz hitz egiten da, baina ez dut inolako irakaspenik eman nahi. Ez nuen helburu jakin batekin idatzi.



Zeure burua idazle moduan ikusten duzu etorkizunean?



Idazten jarraitzea nahiko nuke, baina momentuz behintzat ez dut nire burua idazle moduan ikusten. Idazle hitza oso potoloa iruditzen zait, errazegi erabiltzen dena. Idazle izateko asko eta ondo idatzi behar da.



Euskal idazleen artean, bereziki baten bat gustoko duzu?



Ez dut faboritorik. Askoren idazteko modua gustatzen zait: Saizarbitoria, Mariasun Landa, Patxi Zubizarreta, Julen Gabiria, Arantxa Urretabizkaia, Sarri, Andu Lertxundi...



Kazetaria zara. Antzerkia egin duzu eta beste kultur alor batzuetan ere aritu izan zara...



Bai, kazetaria naiz, Berria egunkarian egin dut lan hainbat urtean. Orain Ahotsak.com proiektuan nabil, adineko jendea elkarrizketatu eta sasoi bateko kontuak jasotzen. Denbora librean antzezlanak idaztea eta gidoiak egitea ere gustatzen zait; azkenaldian film laburrak egiten ibili gara, taldean. Iaz, Amantalen ahotsa ikuskizun artistikoa prestatu genuen, eta arrakasta izan zuen. Idazteaz aparte, eskulanak egitea ere gogoko dut. Momentu honetan buztinarekin nabil. Artearekin eta sormenarekin lotutako dena interesa-tzen zait. Bizirik sentiarazten nau.



Honetaz gain, jaiotako herrian, Oñatin, ere hainbat ekimenetan parte hartu duzu, esaterako, 'Gerrako Garrak Oñatin' liburuan. Zer nolako esperientzia izan zen?



Oñatin gerra garaian gertatu zena ikertu genuen, Intxorta 1937 taldearekin batera, eta iazko abenduan argitaratu genuen aipatutako liburua. Elkarrizketa mordoa egin genituen. Asko ikasi nuen. Oso aberasgarria eta hunkigarria izan zen. Konturatu nintzen zein gutxi nekien nire herrian gertatu zenaz! Zenbat sufrimendu isildu den, 75 urtean.



Momentu honetan, zer beste proiektu duzu esku artean?



Nahiko lasai nabil, baina badut ideia batzuk martxan jartzeko asmoa... Beti agertzen da proiekturen bat, ilusioa piztuta mantentzeko.

No hay comentarios:

Publicar un comentario