miércoles, 18 de abril de 2012

TXOLARTE

Txolartek eskainiko du adimen urritasuna dutenendako aisialdia


2012-04-18 00:00:00 Arantzazu Ezkibel

Martxoaren 24an egin zuten lehenengo irteera Txolarteko kideek.
Adimen urritasuna duten pertsonen aisialdia antolatzen Atzegik egingo du lan aurrerantzean Oñatin. Orain arte Oñatiko boluntario talde batek izan du aisialdi horiek antolatzeko ardura –Elena Perez eta Jasone Agirrek urte askoan, eta azkeneko urteetan baita Borja Zarketa, Ignazio Baltzategi, Ainhoa Erostarbe eta Itsasne Letamendik ere–.



Lehenengo Pausoka izenarekin eta ondoren Saltoka izenarekin lan egin du taldeak, baina hainbat arrazoi direla-eta, borondatezko dedikazio hori eten egin behar izan dute. Hala, Atzegik hartuko du ardura hori aurrerantzean, Txolarte programarekin.



Zapatu arratsaldeak



Martxoaren 24an hasi zen lanean Oñatiko Txolarte taldea. Oñatin 10 bat laguneko taldea dago, eta zapatu arratsaldetan elkartzen dira: "Astebururo 10 lagunek parte hartzen dute txolartean, batzuetan denak etortzen dira eta beste batzuetan gutxiago, gustuko duten ekintzaren arabera izaten da", azaldu du Oiane Orkaizagirre Txolarte programako arduradunetako batek.



Denetariko ekintzak egiten dituzte Atzegin: txangoak egin, zinemara joan, antzerkira joan... "Orain arte aisialdiko ekintzak egin izan dituzte eta orain ere horrela jarraituko dugu. Parte-hartzaileen gustuko ekintzak egiten saiatuko gara, haien aisialdia baita", dio Orkaizagirrek. Aisialdi programa horien helburua parte-hartzaile guztiek ondo pasatzea da, euren aisialdiaz disfrutatzea eta elkarren artean harremanak egitea. Oraingoz, egun bakarrean elkartuko dira, zapatu arratsaldeetan; izan ere, boluntarioak beharko lituzkete egun gehiagotan elkartu ahal izateko. "Hala ere, etorkizunari begira, beste egun baten ekintzaren bat egiteko ideia badaukagu, bai", gaineratu du Orkaizagirrek.



Lehen, Pausoka taldekoak Errege kabalgatan, danborradan... irteten ziren, baina aurten faltan igarri dituzte herrian. Berriro ere irtengo diren galdetuta, hauxe dio Orkaizagirrek: "Hori taldearen esku dago, eurek parte hartu nahi badute, aukera izango dute, nola ez!".



Boluntarioen beharra



Hiru boluntariorekin hasi du ibilbidea Txolartek: Consuelo Torres, Alex Rodriguez eta Ignazio Baltzategi. Orkaizagirrek dio: "Dauden boluntarioak gogo handiz hasi dira eta euren animuari esker dago hain ondo taldea". Baina taldeak aurrera egin dezan boluntario gehiago izatea komeni dela diote. Horregatik, Atzegik deialdia zabaldu du. Ez da aparteko baldintzarik bete behar, 16 urtetik gorako edonor izan daiteke boluntario, adimen urritasuna dutenekin lan egiteko gertu egotea da eskatzen den bakarra. Interesa duenak Atzegirekin harremanetan jarri behar du, honako telefonora deituta: 943 42 39 42 zenbakia. Boluntarioak ez dira bakarrik egongo, Atzegiko arduradunak eurekin izango dira behar duten laguntza emateko.



Txolartek Oñatiko Udalak Bidabarrieta kalean duen lokala erabiliko du aisialdia eskaintzeko. Atzegi Gipuzkoan adimen urritasuna duten pertsonen aldeko erakundea da. Hainbat zerbitzu eskaintzen ditu: aisialdi Txolarteak aipatu bezala, familiei aholkularitza eta laguntza eta etxebizitza tutelatuak, besteak beste.

No hay comentarios:

Publicar un comentario