viernes, 24 de junio de 2011

Sustrai Aloñak erabaki du EBA ligan jokatzea datorren urtean

2011-06-24 13:30:00 Mireia Bikuña
Zuzendaritza batzordea aurrekontua estaltzeko diru bila dabil, baina baieztatu dute EBAn jokatuko dutela irailetik aurrera. Igoera lortu zuten jokalari gehienek jarraituko dute taldean. Hiru bat fitxaketa egingo dituzte, baina oraindik ez dituzte izenak adierazi. Baieztatu dutena da, Mugarri Alkesako eta Iraurgiko jokalari izandako Gorka Alartzia bigarren entrenatzailea izango dela. Xabi Igartuak zuzenduko du taldea EBAn.

Saskibaloi saileko zuzendaritza batzordea buru-belarri dabil maiatzaz geroztik. Saileko talde guztiek 80.000 euroko aurrekontua dute. Horren %75-80 EBAko taldearendako izango da: batez ere, epaileen lana, jokalarien fitxak, izenematea eta bidaiak ordaintzeko erabiliko dute. Aurrekontu hori estaltzeko "ate asko" jo dituzte saskibaloikoek. Udalarekin ere hartu-emanetan jartzeko asmotan dabiltza, baina "aurrerago egingo dugu, urterako proiektua ondo zehazten dugunean", esan digute. Gaineratu dute, Aloña Mendi elkarteko gainerako sailek euren laguntza eskaini dietela: "Guztiak daude laguntzeko prest, eta asko eskertzen dugu".

Azpiegitura sendoa

EBA ligan jokatzeak, aurrekontu potolo bat baino askoz gehiago izatea esan gura du. Partiduetako antolaketa oso bestelakoa da: estatistikak hartzeko hiru pertsona behar dituzte, medikua, kontrarioari eta epaileei ongietorria egingo dien ordezkaria, anbulantzia... Horiek guztiak antolatzeko talde bat osatuko dute. Norgehiagoka bakoitzak behar duen laguntzaile kopurua zehazteko pertsona bat ipiniko dute, eta beste kide bat federazioarekin eta beste taldeekin hartu-emana izango duena. Babesleez beste pertsona bat arduratuko da.

Harrobia

Saskibaloi sailaren aurrekontua gehiena EBAra bideratuko badute ere, harrobiarekin lanean jarraitzeko asmoa dute. Hori horrela, azken hiru urteotan Igartuaren laguntzaile izan den Gorka Judezek harrobiko taldeekin egingo du lan, kirol zuzendaritza indartzeko asmoz. "Kirol proiektua ondo zehaztu eta helburuak eta jarraitu beharreko bideak finkatu behar ditugu", esan dute.

No hay comentarios:

Publicar un comentario