lunes, 21 de marzo de 2011

Egoitz Aizpuru

"Gai-jartzaileon papera mugatua da, baina, emozionalki, oso zaila"
2011-03-21 08:14:00 Mireia Bikuña
Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak antolatutako IV. Bertsolamintza jardunaldien barruan gai-jartzaileak duen paperaz egin zuen berba Egoitz Aizpuruk (Oñati, 1976). Hitzaldian kontatutakoaren gainean egin dugu berba harekin.


Inertziak erantsi, garena jantzi leloarekin ospatu duzue Bertsolamintza?
Hala da. Bertsolaritzan zer-nolako inertziak dauden mahai gainean jartzeko asmoa genuen. Hamar hizlari izan ginen, eta gure helburua zen bertsolaritzan jarduten dugun moduari kritika egitea, eta proposamen berriak egitea.

Zuk gai-jartzaileen paperaz egin zenuen berba?
Bai. Jarduera honetan hasi nintzenean ez nituen bertsolariak ezagutzen: bai bertsolari moduan, baina ez pertsona moduan. Urteak pasa ahala, eurekin hartu-eman zuzenagoa izan dut, eta ezagupen horrek aukera ematen dit bertso saio batean gai batzuk edo beste batzuk proposatzeko.
Hau da, zurekin oholtza gainean egongo diren bertsolariak ezagutzen badituzu, eta euren sentimenduak eta izaera ezagutzen badituzu, bertsotan egin dezaten gai aproposak topatuko dituzu. Noski, hori lortuz gero, saioa bikaina izango da, duda barik. Azpimarratu gura izan dudana da gai-jartzaileok garrantzi handia dugula. Bertso eskoletan bertsolari izaten erakusten dute, baina ez gai-jartzaile izaten.

Gai-jartzaile izaten ikasi egiten da?
Gai-jartzaileak ez du bertsolariak duen dinamika bera. Ez dira sortzaile artistikoak. Gaiak zehaztu egiten ditu. Lan horrek zailtasuna dauka, baina etxean egin daitekeen lana da. Ez duzu teknikaren beharrik. Inork ez dizu gai-jartzaile izaten erakusten. Urteekin esperientzia hartzen duzu.

Zenbat denbora behar duzu bertso saio baterako gaiak prestatzeko?
Ni erlojupekoan askoz hobeto moldatzen naiz. Azken ordura arte ez ditut gaiak zehazten. Aste osoa egongo naiz buruari bueltak ematen, baina azken orduan zehaztuko ditut gaiak.

Oholtza gainean egongo diren bertsolarien araberako gaiak prestatzen dituzu?
Bai. Gai-jartzaileok badakigu bertsolari bakoitzak zenbat eman dezakeen. Eta badakit norekin egingo duen bikote ariketa zehatz baten. Eta, gainera, bertsolari horrek duen kezkaren bat ezagutzen badut, gai apropos batekin etekin handia aterako diot.

Gai originalak topatzea erraza da?
Ni neu ez naiz gai originalen bila ibiltzen. Gaiak izan behar du bertsotan egiteko aproposa. Kontuan hartu behar dugu askotan binaka edo hirunaka abesten dutela. Kasu horietan planteatzen ditugun paperek maila berekoak izan behar dute. Normalean, aurrez aurre dauden bertsolariek paper kontrajarriak izaten dituzte (bat da polizia eta beste lapurra), eta biek izan behar dute euren papera defendatzeko aukera bera.
Gaia aukeratzen dudanean, bertsoa nondik norakoa izan daitekeen imajinatzen dut.

Zein da, zehazki, gai-jartzailearen papera bertso saio baten?
Gai-jartzaileak saioaren kontrola eraman behar du. Hasieratik bukaerara. Oholtza gainera igo orduko zehaztuta daukat bertsolari bakoitzak ze gai eta norekin abestuko duen, eta badakit bertsolari bakoitzak ze gairekin abes dezakeen ondoen. Hori da, hain zuzen ere, berbaldian azpimarratu nuena. Bertsolariak ezagutzea inportantea da gaiak zehaztu eta etekina ateratzeko. Baina ez daukat zalantzarik gai-jartzaileok, gehienetan, modu horretan jokatzen duguna. Agian, batzuetan, inkontzienteki.

Zenbat gai behar dituzu bertso saio baterako?
Ordu eta erdiko saioak izaten dira, eta, jeneralean, 15 bat gai prestatzen ditut. Bat-batean sortzen zaizkidan gaiak mugikorrean apuntatzen ditut [mugikorra atera eta zerrenda erakutsi dit].

Inoiz errepikatu dituzu gaiak?
Gai-jartzaile batzuendako bekatua da gaiak errepikatzea, baina nik, aldika, egin izan dut. Dena den, arriskutsua izaten da. Norberak gidatzen duen saioa hedabideetan ematen badute, telebistan, Interneten edo prentsan, ezin ditugu gaiak errepikatu. Oso agerikoa litzateke.

Euskal Herriko bertsolari txapelketako finala. BEC lepo beteta, eta oholtza gainean zortzi finalistak eta zu gai-jartzaile. Zure papera da errazena?
Hitzaldian esan nuen gai-jartzailearen lana dela atmosfera bat sortzea, non bertsolariak gustura egongo diren. Final baten gai-jartzaileok dugun lana da gaiak irakurtzea, baina urduri egoten gara.
Esku artean izan dudan liburu batean irakurri dut komunikazioaren %10 bakarrik ematen dela hitzez. %30 tonuak ematen du eta %60 gorputzak. Teoria hori eskuetan, gai-jartzaile batek ondo irakur dezake, baina ez bada gai atmosfera egokia sortzeko, %90ek ihes egingo dio.
Gai-jartzaileon papera oso mugatua da, baina emozionalki oso zaila da.

Urduritasun puntua ezinbestekoa da?
Bai. Ezin duzu jarrera berbera eduki kafe bat hartzen edo final baten edo bertso saio baten. Guztia kontrolatu behar duzu, hasieratik: emozioak, txaloak, ikus-entzuleen erreakzioak... Egoera guztien irakurketa egitea komeni zaigu.

Irakurketa horrek inprobisatzeko aukera ematen dizu?
Aukera aproposa sortzen bada, bai. Durangoko hitzaldia bukatu zenean, bertso saioa izan genuen. Bat-batean ikus-entzuleen artean ikusi nuen pertsona bat ondokoari itzultzaile lanak egiten. Hark ez zekien euskaraz eta bertsoak itzultzen zizkion.
Aukera ona iruditu zitzaidan bertsolariak egoera berean ipintzeko. Eta gaia aldatzea erabaki nuen. Inprobisazioek freskotasuna ematen diote saiori, eta ikus-entzuleek gainera badakite inprobisatu egin dudala.

No hay comentarios:

Publicar un comentario