martes, 15 de marzo de 2011

Pablo Miguel

"Azken agintaldian 32.000 pertsona hil dituzte Mexikon"
2011-03-15 00:00:00 Mireia Bikuña
Oñatiko Komite Internazionalistak Chiapaserako dirua batzeko elkartasun kanpaina abiarazi du. Euskadiko Kutxan kontu korrontea zabaldu dute. Pablo Miguelek eman dizkigu proiektuaren xehetasunak.

Zertan datza Chiapas Elkartasuna proiektuak?


Hango komunitate batzuk –Carrizal, Guaximal, Santa Rita de la Frontera, eta Villa Comaltitlan– oso zigortuak daude: narkoak, paramilitarrak eta ejerzito federalak daude euren kontra egiten. Baina, behar batzuk dituzte. Gure asmoa da komun komunitario bat egitea, sendagaiak eta frijol haziak erostea, eta bi granja eraikitzea. Horietan Pelibuey arrazako ardiak izango dituzte.


Hori guztiori egiteko 8.200 euro behar dituzue. Nondik aterako duzue dirua?


Gehienbat erakunde eta enpresetatik. Udalak, Ulma Fundazioak, Euskadiko Kutxak eta La Caixak laguntza ematen digute. Debagoieneko beste udal batzuetan eskaera egin izan dugu, baina Arrasatekoak bakarrik eman digu laguntza.


Kontu korrontea zabaldu duzue, herritarren ekarpenak jasotzeko.


Bai, hala da. Baina, esperientziak erakusten digu ekarpen txikia izaten dela. Herritarrek, guri behintzat, laguntza txikia eman izan digute. Akaso, ez dutelako proiektua ezagutzen... Gure kontua da 30350170511701008768.


Zergatik Chiapas?


Oñatiko Komite Internazionalistak taldearen helburuetako bat da pertsonen garapen integrala sustatzea. Guztiok dugu bizitza duin bat izateko eskubidea. Chiapasen jendea hiltzen dute egunero. Azken agintaldian 32.000 pertsona hil dituzte Mexikon.


Ez dute nazioarteko laguntzarik jasotzen?


Mexiko oso aberatsa da: petrolioa, ura, meatzeak...ditu. Bi aldeko 36 itun ditu beste horrenbeste herrialderekin. Suposatzen da itun horiekin etekina atera beharko luketela mexikarrek, baina ez da horrela.
Mexikon 122 milioi pertsona bizi dira. Horietatik 80 milioi pobrezian bizi dira, eta horietatik 60 milioik ez daukate ezer bizitzeko eta jateko. Egoera oso latza da.

No hay comentarios:

Publicar un comentario