2011-09-20 09:30:37 Ander Monedero
Arkaitz Bengoak (Oñati, 1984) adminitrari komertzial moduan egiten du lan Arrasateko Astore enpresan. Txikitan, gurasoek bultzatuta, dantzan hasi zen eta dagoeneko 20 urte daramatza dantzan.
Noiz hasi zinen dantzan?
6 urterekin hasi nintzen dantzan. Gero, 16 urterekin utzi, eta, bi urte geroago, 18 urterekin berriz ere hasi nintzen dantza egiten.
Zer ematen dizu dantzak?
Dantza egitea asko gustatzen zait eta, gainera, estilo asko ikasten ditugu. Euskal dantza desberdin asko daude eta horietako asko egiten ditugu. Horretaz aparte, dantza taldean giro ona dugu, elkarrekin ordu asko pasatzen ditugu eta lagun on asko egin ditut.
Beraz, bigarren familia bat duzu.
Txikitatik dantzan hasteak lagundu egiten du?
Bai. Diferentzia handia dago; ikasteko orduan, txikitatik ikasi duenak pausoak azkarrago ikasten ditu. Normalean, dantza taldean gaudenok txikitatik ikasi dugu dantzan. Ez da oso ohikoa 18-20 urterekin dantzan hastea.
16 urterekin utzi eta 18rekin berriz ere dantzan hasi zinen. Gogo handiagoarekin hartu zenuen?
Berriz ere dantzan hasi nintzenean oso desberdina izan zen: jende nagusiarekin hasi nintzen dantzan eta euren mailara iristea zaila izango zela uste nuen. Nagusien taldean esperientzia handia duten dantzari asko daude eta irakasteko abilezia dute.
Aurtengoa Oñatz taldearendako urte berezia da, ezta?
Bai. Aurten 40. urteurrena ospatu dugu, orain dela bi aste bazkaria egin genuen. Giro polita egon zen, herriko belaunaldi asko elkartu ginen eta dantza egiten ospatu genuen. Errepikatzeko moduko eguna izan zen.
Urtean zenbat emanaldi egiten dituzue?
Urtero, egun jakin batzuetan dantza egiten dugu: Aratusteak, Corpusa, bailarako Dantzari Eguna… Eta gero, urtean zehar emanaldiak lortzen saiatzen gara. Urte batzuetan asko lortzen ditugu eta beste batzuetan, berriz, zailagoa izaten da. Aurreko urtean Zurichera joan ginen.
Zer-nolako esperientzia izan zen?
Esperientzia oso polita da. Gu dantza erakustera joan ginen, gogo handiarekin joaten zara eta asko disfrutatzen da.
Aurten Corpusean kapitainorde izan zara, baina kapitainaren funtzioak bete dituzu. Nolako esperientzia izan zen?
Esperientzia oso polita izan da. Ardura handiko postua da, oñatiarrentzat egun garrantzitsua baita. Dantza egiten dugun guztiok oso gustura egiten dugu, baina, kapitaina zarenean, dena ondo irteteko ardura daukazu.
Dantza irakaslea zara. Zer-nolako esperientzia da?
Oso ona. Azken bost urteetan talde berarekin lanean egon naiz. 10 urterekin hartu nituen eta dagoeneko nagusiak dira.
Domekan Haur Dantzariaren Eguna ospatuko duzue.
Egun handia da. Herri desberdinetako taldeak gonbidatzen ditugu, guztira, 12 bat, eta egun osoa dantzan pasatzen dute. Goizean herriko kaleetan eta arratsaldean plazan.
Egun polita izango da.
Bai, urte osoan herri desberdinetako haur dantzariaren egunetan ibiltzen gara eta etxekoa berezia izaten da. Dantzaldira familia eta lagunak etortzen dira eta motibazio handiarekin dantza egiten dute.
Eguna antolatzeko lanetan ari zara?
Ume talde baten arduraduna naiz eta beste askok baino lan gutxiago egitea tokatu zait.
Zer-nolako lanak dira egunean egin beharrekoak.
Talde guztiak kudeatu behar dira, ume asko datoz eta guztientzako bazkatzeko lekua topatu behar da. Horretaz aparte, arratsaldeko saioa bukatzerakoan dena batu beharra dago.
No hay comentarios:
Publicar un comentario