Herritar talde batek aurkeztutako mozioari baiezkoa eman zioten Bilduko eta EAJko zinegotziek osokoan. Aretoan zeuden herritarrek "pozik" hartu zuten erabakia, batez ere EAJren baiezkoa.
Mozioan lau gauza eskatzen zizkioten Udalari: "Guardia Zibilaren kontrolen bukaera"; "bake eta normalizazio politikorako prozesu demokratikoa garatzeko euskal herritarren kontrako errepresio mota guztiak baztertzea"; "Guardia Zibilaren sindikatuak Oñatin egin asmo zuen manifestazioaren aurrean mozioa aurkeztu zuen herritar taldeak antolatutako ekintzetan parte hartzea"; eta "espainiar Estatutik etorritako gorputz militar eta polizialak Euskal Herritik alde egiteko eskaera". Gainera, onartutako adierazpena Espainiako Barne Ministerioak Gipuzkoan duen delegaziora bidaltzeko erabakia hartu zuten.
EAJko zinegotzi Lourdes Idoiagak esan zuen "ez gaude ados mozioan jaso diren esaldi batzuekin, baina alde bozkatuko dugu, guk ere Guardia Zibila Oñatitik joateko eskaera askotan egin dugulako". Osokoan zeuden herritarrek ere hitza hartu zuten, eta galdetu zioten Idoiagari zeintzuk ziren esaldi horiek. EAJko ordezkariek ez zien erantzun.
Ekintzak bertan behera
Bestalde, aretoan bildu ziren herritarrek esan zuen, Guardia Zibilak Oñatin egin asmo zuen manifestazioaren aurrean egin asmo zituzten ekintzak bertan behera utzi dituztela oraingoz. "Badirudi ez dutela manifestazioarik egingo gurean. Hori horrela, batzar irekian aipatu genituen ekintzak, bertan behera utziko ditugu. Urriaren 11n elkartuko gara berriro ere. Guardia Zibilak egiten duenari adi-adi egongo gara", esan zuten.
Beste bi mozio
Atzoko osokoan beste bi mozio aztertu zituzten: Bateragune auziari buruzko epaiari buruzkoa bata, eta Kukutza gaztetxeari elkartasuna adierazteko bestea. Biak onartu zituzten. Bilduk eta EAJk baiezkoa bozkatu zuten Bateraguneren mozioan. Aldiz, Kukutza gaztetxearen mozioari ezezkoa eman zion EAJk.
Una pequeña aportacion con un enlace a una pagina donde dan cuenta de una visita realizada al cuartel de oñate el 28 de septiembre: http://ignacos.wordpress.com/2011/09/28/con-la-guardia-civil-en-el-pais-vasco/
ResponderEliminar