lunes, 12 de septiembre de 2011

Xabier Mugartza: "Dorreak erortzean lur jota geratu ginen"




Denborak apurka-apurka oroitzapenak ezabatzen dituela esan ohi da. Ez beti. Domekan bertan (irailak 11) hamar urte bete dira Dorre Bikien kontrako atentatua gertatu zenetik eta gehienok ederki asko gogoratzen dugu non geunden atentatua gertatu zenean eta nolako zirrara eragin ziguten telebistan ikusi genituen irudiek.



Xabier Mugartza oñatiarrak ere telebistaz jarraitu zuen dena, baina gu baino gertuagotik; Dorre Bikietatik 25 kilometrora zegoen. Lehenengo albistea Oñatitik iritsi zitzaion: "Kuriosoa da, baina, bertan egon arren, Oñatitik iritsi zitzaidan berria. E-posta bidez koadrilako batek ondo nengoen galdetzen zidan".



Urduritasuna eta ardura



Mugartza lanean zegoen eta berehala ipini zuten telebista martxan gertatzen ari zena zuzenean ikusteko, orduan hasi ziren atentatu hitza lehenengo aldiz entzuten: "Hasieran uste genuen istripu bat izan zela, baina telebista ipini genuenean atentatuaren hipotesia zabaltzen hasi zen. Gainera, hasi ziren esaten hurrengoa Los Angelesen izango zela eta hurrengoa Chicagon... Jendea oso urduri ipini zen orduan. Segurtasun falta sentitzen genuen, ez genekien oso ondo zer ari zen gertatzen".



Eta bat-batean dorreak behera



Oñatiarrak sekula ez du ahaztuko 2001eko irailaren 11 hura, baina argi dauka zein izan zen berarendako eta orokorrean estatubatuarrendako momentu gogorrena: "Dena izan zen gogorra. Bigarren hegazkina zuzenean ikusi genuen dorreen kontra jotzen, baina, alde handiarekin, momentu gogorrena izan zen bi dorreak behera etorri zirenean. Lehenengo bat eta gero bestea. Inork ez zuen uste horrela bi dorre eror zitezkeenik. Jendea lur jota geratu zen. Benetan gogorra izan zen".



Manhattan goibel



Mugartzak badu ahaztuko ez duen beste irudi bat: "Astebetera, zero gunera joan ginen. Sekula ez dut ikusi hiriburu bat horren goibel eta ilun. Denda eta jatetxe asko itxita zeuden eta jendea triste. Gainera, oso usain fuertea zegoen. Hura ere gogorra izan zen". Urteak aurrera doazen arren, irailaren 11 egun berezia izango da urtero: "Horrelako gertakari batek betiko markatzen zaitu".

No hay comentarios:

Publicar un comentario