Mondragon Unibertsitateak hasiera eman dio ikasturte berriari gaur eguerdian, Oñatiko Enpresagintza Fakultatean. Besteak beste, Patxi Lopez Lehendakaria, Martin Garitano Gipuzkoako Diputatu Nagusia, Isabel Zelaa Hezkuntza sailburua, Josu Zabala MUko errektorea, Javier Sotil MUko presidentea edota Idoia Peñakoba MUko idazkari nagusia izan dira ekitaldian. Era berean, Oñati, Eskoriatza edota Arrasateko alkateak, Deustoko eta EHUko errektoreak eta bestelako eragileak izan dira gonbidatuen artean.
Duela urtebete eskas inauguratu zuen Mondragon Unibertsitateak Enpresagintza Fakultatea Oñatin eta bertan izan da hasiera ekitaldia, eguerdian. Komunikabide ugari hurbildu da bertara, ekitaldia jarraitzera. Areto nagusia jendez lepo egon da eta aurrena hitza hartzen Idoia Peñakoba MUko idazkari nagusia izan da. Joan den ikasturteko txosten akademikoa aurkeztu du Peñakobak.
Aurtengo hasgai akademikoa berriz, ikasketa esperientzia bat izan da. Hain zuzen, Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza Fakultateko Mondragon Team Academy ekintzaile komunitateak garatu du. Gaia, We make our dreams become true creating our teams learning cooperatives. 22 ekintzaile inguruk hartu du parte aipatutako egitasmoan eta haien esperientzia ezagutzeko aukera izan dute bertaratuek. "Aurrera, beti aurrera" da haien leloa eta ametsak gauzatzeko ilusioa agertu dute gaurko ekitaldian.
Aipatutako leloa esatera animatu dituzte aretoan batutako guztiak, agintariak barne. Orain arteko esperientziarekin liluratuta azaldu dira egitasmoko partaideak, tartean nazioartekoak ere bai. Jose Mari Arizmendiarrietaren eta bestelako ekintzaileen bideari jarraitzeko asmoa azaldu dute.
Lehendakariak, bere hitzaldian, ametsak gauzatzeko laguntza ematea ezinbestekoa dela azaldu du, are gehiago krisi garai honetan ekintzaileen lana ezinbestekoa dela azpimarratuz. "Aurrera, beti aurrera" esaldiarekin amaitu du hitzaldia Patxi Lopezek, bide batez ikasturte berriari hasiera emanez.
Errektorearen hitzak
Josu Zabala MUKo errektoreak bestalde, zera adierazi du: "Ikasturte berri bati ekin behar diogu. Oraingoan, testuinguru instituzional, ekonomiko eta sozial oso bestelakoan, galdera-ikurrez betea. Iragan udal hauteskundeen emaitzak batetik, eta laster izatekoak diren hauteskunde orokorrek, bestetik ekarri digute ziurgabetasun hori, eta, noski, nazioarteko ekonomiaren ezegonkortasunak, zeinak ez digun uzten krisia erabat gainditzen. Baina hemen gaude, beste behin, ilusioz beterik, ikasturte ekadamiko berri bati ekiteko prest. Hainbat berrikuntza eta desafio dakartzan eta berehala azaltzen joango naizen ikasturte berria. Gure unibertsita berritzaile konpromisotik abiatuz, apustu bereziki garrantzitsu batzuk egin genituen duela lau urte eta horietatik bi gauzatuak dira jada, eta erreferentzia bihurtu estatu mailan: lehenbizikoa LEINN (Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntza) Gradua dugu; bigarrena, berriz, Gastronomia eta Sukaldaritza Arteetako Gradua".
Basque Culinary Center
Gaur Oñatin batutako askok elkar ikusiko dute berriro laster, Basque Culinary Center delakoaren inaugurazioan. Josu Zabalak adierazitakoaren arabera, "astebete pasatxo barru" inauguratuko dute ofizialki eraikina: Zientzia Gastronimoetako Fakultate berriaren egoitza eta Elikadura eta Gastronomiako Ikerkuntza eta Berrikuntza Zentroa. "Lanerako prest dago, edukiari eta edukitzaileari dagokionez. Bestalde, garatu eta sustatuko dugula hitzeman dugun unibertsitate-proiektu baten abiapuntuaz ari gara, hezkuntza eta eskari aldetik arrakasta izango duen proiektu batez".
Tradizioak agintzen moduan, Gaudeamus Igitur abestiaren doinuekin eta Agur Jaunak abestiarekin amaiera eman zaio gaurko ekitaldiari.
No hay comentarios:
Publicar un comentario