Bigarrenez, Mondragon Unibertsitateak antolatuta, IKTak eta Hezkuntza izeneko jardunaldia egin zuten aurreko martitzenean (hilak 6) Oñatiko Enpresagintzan. Hizlarien artean Maite Goñi irakaslea izan zen; Gela birtualetik Ikasteko Ingurune Pertsonalizatuetara izan zen jorratu zuen gaia.
Ikasteko ingurune pertsonalizatuez egin zenuen berba jardunaldian. Zertan datza hori?
Esango nuke 2.0 munduaren hurrengo pausoa dela. 2.0 delako hori tresna asko dira, erabilerrazak eta klik batekin eskura ditugunak. Horren atzean dagoen filosofia elkartrukatzearena da. Esaterako, Youtube izan daiteke 2.0 tresna bat; hor dauden produktuak kontsumitzeaz gain, zeuk ere sortu eta elkartrukatzen dituzu. Irakaskuntzan informazioa kudeatzeko baliagarria da hori.
Pauso bat haratago joan nahi izan dut, eta ikasteko ingurune pertsonalizatuen gaineko hausnarketa egin dezatela lortu nahi izan dut, Interneten dagoen informazioa ezagutuz eta ondo aprobetxatuz; tresna horiek zelan erabil daitezkeen eta irakaslearen garapen pertsonalean lagungarriak izan daitezkeela erakustea nuen helburu.
Zerekin osatzen ditugu ikasteko ingurune pertsonalizatuak?
Batetik, kontsumitzen dugun informazioa dakarkiguten tresnaz osatuta daude, hala nola blogak, RSS harpidetzak eta bestelakoak. Baina bestelako tresnak ere badaude, kontsumitzeaz gain, eraldaketak eta ekarpenak egin ahal izateko, edukiak sortzeko... Horretaz gainera, gure sarea ere sartu beharko genuke, guk ere asko ikasten dugulako beste pertsona batzuengandik.
Horrek guztiak garrantzi handia du irakaskuntzan. Ikasteko ingurune pertsonalizatua ez da tresna bat, ez da plataforma bat, irakasleak bere jarduna fokatzeko modu bat da, jarrera bat. Irakaskuntza akademikoaz gain, ikaste informalarekin ere badu zerikusia. Irakasleok gure ingurune pertsonalizatuak osatzen goazen heinean, ikasleak ere euren sarea lotzen joan daitezela eta informazioa modu kritikoan kontsumitzen eta, aldi berean, edukiak sortzen joan daitezela da asmoa.
Hori, dena dela, oso pertsonalizatua da, bakoitzaren beharrak ezberdinak direlako...
Hala da, eta horixe da garrantzitsuena. Ikasteko Ingurune Pertsonalizatuak izenak dioen moduan, pertsonalak dira; niretako baliagarriak diren tresnak agian ez dira baliagarriak zuretako. Baina nik tresna horiek guztiak ezagutu behar ditut, hortik etekina ateratzeko komeni zaidana jakiteko.
Tresna komunik badago?
Bai. Adibidez, Twitter izan daiteke, egun, Ikasteko Ingurune Pertsonalizatuko osagai garrantzitsuenetarikoa. Hortik informazio asko jaso daiteke, eta nik badakit nire ingurune pertsonalizatuan egoteaz gain, ondokoarenean ere egon daitekeela. Esaterako, nire ingurunea irudikatu beharko banu, Twitter erdian jarriko nuke, niretzat garrantzitsuena izan daitekeen informazio ia guztia tresna horren bitartez jasotzen dudalako. Baina, agian, beste batendako Youtube izan daiteke informazio iturri nagusia, edo blogak, ikastaroak, RSS harpidetzak...
No hay comentarios:
Publicar un comentario