jueves, 29 de septiembre de 2011

Xabi Luis:Munduko seigarrena

 "Ez nuen espero hain ondo ibiliko nintzenik, sorpresa izan da seigarren postuan geratzea"



23 urte ditu Xabi Luis atleta oñatiarrak; eta urtebete besterik ez dabil duatloien munduan. Aurreko aste bukaeran Gijonen izan zen, munduko txapelketa jokatzen. Familia guztiaren laguntza izan zuen oñatiarrak Asturiasen.



Zorionak! Munduko seigarrena zara!

Uste baino emaitza hobea izan da. Lehenengo 10 kilometroetan gustura ibili naiz, gogor. Gero, bizikletan lasai joan naiz eta azkeneko 5 kilometroak gogorrak izan dira.

Lasterketa hasieran atzeko postuetan irten dut eta pentsatzen nuen azkena iritsiko nintzela. Anaiak esaten zidan laugarren nindoala, eta azkenean seigarren postuan amaitu dut.



Nolako lasterketa izan da?

Lehenengo 10 kilometro korrika egin ditugu, hondartza inguruan. Bizikletan 40 kilometro egin ditugu, hondartza ondoan eta inguruan dagoen mendate batean; eta, amaitzeko, bost kilometro korrika.

Egubakoitz goizean bizikletako tartea ikusten ibili nintzen, eta zapatu goizean korrikako ibilbidea.



Zer esan gura du zuretako horrelako mailako lasterketa batean parte hartzeak?

Handia da halako aukera izatea. Gainera, ez nuen espero eta espero ez duzunean...



Noiz jakin zenuen Munduko lasterketan parte hartzeko aukera izango zenuela?

Apirileko bigarren aste bukaeran Espainiako txapelketa jokatu nuen. Han, batzar bat izan genuen eta esan ziguten hamarren barruan egiten genuenok Munduko txapelketa jokatuko genuela. Zortzigarren geratu nintzen eta horregatik zuzenean sailkatu nintzen Gijongo Munduko txapelketa jokatzeko.



Munduko txapelketa jokatuko zenuela zenekienetik nola entrenatu duzu? Zelako uda izan da?

Apirilean jakin nuen; ondoren, beste lasterketa batzuk jokatu nituen eta gero hilabetez geldi egon nintzen. Uztaila eta abuztuan, ostera, gogor entrenatu dut.

Irailean lasaixeago ibili naiz, hainbat kros egin ditut baina ez gogorrak. Uztaila eta abuztua izan dira gogorrenak.



Entrenamenduak zure aldetik egin dituzu?

Bai, nire kabuz ibili naiz. Lanetik irteterakoan eguraldiaren arabera bizikleta hartu dut edo korrika egitera irten dut. Nire kabuz ibili naiz.



Zuretako zer da samurragoa bizikletan ibiltzea edo antxintxika egitea?

Nik uste dut hobeto moldatzen naizela bizikletan. Azken finean bizikletan 17 urte nituela hasi nintzen, eta antxintxika, ostera, iaz hasi nintzen.

Kilometro gehiago egin ditut bizikletan eta hobeto moldatzen naiz.



Zure taldean, 20-24 urte bitartekoak, zu zara hemengo bakarra.

Nire taldean ni naiz Euskal Herritar bakarra; gainerako adin taldeetan nafar bat eta Ermuko bat badaude, eta profesionaletan baita Mundakako bat ere.



Orain dela urtebete hasi zinen duatloiak egiten. Zerk bultzatuta?

Esan dudan bezala bizikletan ibiltzen nintzen; txapelketaren batean parte hartzea gura nuen, eta Oñatin duatloia egiten denez izena ematea erabaki nuen. Probatzea erabaki nuen eta gustura geratu nintzen.

Lehenengo duatloi hartako emaitza ez zen ona izan, baina ondoren beste batzuk egin nituen. Aurten, berriz, denboraldi guztia egin dut.



Duatloietan trantsizioak oso garrantzitsuak izaten dira. Bereziki entrenatu dituzu?

Ez, denboraldian zehar metodologia edo orden bat hartzen da eta hala moldatzen naiz.

Egia da, aurreko astean entrenamendu txiki bat egin nuela etxeko garajean. Bizikleta kanpoan utzi nuen eta korrika itzuli bat egin ostean bizikleta hartu nuen.



Garrantzitsuak dira trantsizioak ondo egitea denbora ez galtzeko.

Bai, baina egia esan denbora galtzea baino gehiago gerta daitekeena da trantsizioa gaizki eginez gero zu zoazen taldetxoak ihes egitea.



Orain arte egin duzun lasterketetatik zein duzu gustukoen?

Amorebietakoa asko gustatu zitzaidan. Azkenetarikoa izan da, eta hamargarren geratu nintzen. Iaz ere ondo ibili nintzen lasterketa horretan.

Amorebietan, ia lasterketa guztia seigarren postuan ibili nintzen, eta azken kilometroan 10. tokira jaitsi nintzen.



Oñatin ere egiten da duatloia. Berezia da herrian jokatzea?

Bai, eta gainera Oñatikoa lehenengo duatloia izan zen. Berezia da ibilbidea ezaguna delako alde batetik, baina bestetik lagunak eta familia artekoak ere inguruan egoteak animatu egiten du.

Esan behar da fama handia hartzen dabilela Oñatiko duatloia. Euskaldun onenek parte hartzen dute eta kanpotik ere etortzen dira bai frantsesak, baita Australiarren bat ere...



Atzoko lasterketarekin amaitutzat eman duzu denboraldia?

Bai, duatloien denboraldia bai. Orain hilabetez atsedenaldia hartuko dut eta azaroa inguruan berriro ere hasiko naiz entrenamenduekin.



Noiz hasiko dira lasterketak?

Otsaila edo martxoa inguruan hasten dira duatloiak.



Hortaz, beste denboraldi bat hasteko gertu zaude!

Bai, lesioek errespetatuz gero bai. Orain arte ez dut minik hartu, baina lesio handiren bat izanez gero... horrelakoetan, agian urte erdi geldi egon behar duzu. Hortaz, minik ez hartzea garrantzitsua izango da.



Baduzu helbururik?

Aurtengo denboraldiko emaitzak hobetzea izango helburua. Euskadiko txapelketako ia lasterketa guztiak egin ditut; baita, Espainiako txapelketa ere; eta, orain, Mundukoa. Zer gehiago eska dezaket!

No hay comentarios:

Publicar un comentario