lunes, 26 de septiembre de 2011

Oñatiko parrokiako aldareak ..............

Jatorrizko mahaia ipiniko dute parrokiako aldare nagusian



Oñatiko parrokiako aldareak jatorrizko mahaia berreskuratuko du. Erretaularekin eta orain arte han egon diren bi mahai txikiagoekin jokora doan aldare-mahaia bihar martitzena ipiniko dute. Aldarea dotore gera dadin, Jainkoaren hitza irakurtzeko erabiltzeko, atril berria egin dute. Aldare-mahaiak dituen dekorazioa oinarri hartuta pieza berria egin du Jesus Etxezarreta oñatiarrak.



Egur berriarekin egindako pieza horri, zaharragoak duten itxura emateko, uztailetik, Carmen Martin arrasatearraren eskuetan egon da. Aldareko mahai txikiak tailerrean berriztu dituzte. Aldiz, aldare-mahai nagusia parrokiako klaustroan konpondu dute.



Lau piezek polikromia aldetik itxura berdina izateko, hainbat berritze lan egin ditu Carmen Martin zaharberritzaileak. "Mahai nagusia eta bi mahai txikiak garbitu egin ditugu. Egurra, gaztainondoa, egoera onean zegoen. Leku batzuetan zituen kolpeak konpondu egin ditugu, baina funtsean, garbitu egin ditugu, atzean duten marroi kolorea, eta erliebearen urre-kolorea agerian uzteko. Nahiko zikin zeuden, baina egoera onean", esan digu.



Urrezko laminak

Aldiz, pieza berriari, antzinatasun kutsua eman diote, eta jatorrizko piezen koloreak erabili dituzte. "Urre-kolorea eta polikromia bera eman diegu. Urrezko laminak erabili ditugu erliebetan. Ondoren, Agata harriarekin urre-kolorea landu egin dugu, jatorrizko piezen antza hartzeko", dio Martinek.

Bihar aldarean ipiniko duten mahaiari sakonera handiagoa eman diote. "Oso estua zen, eta egurrezko pieza ipini diogu zabalagoa izan dadin", esan digu Joxan Larrañaga parrokoak.

Haren ideia izan da parrokiako aldarean jatorrizko mahaia ipintzearena. "Oñatira heldu aurretik, beste parrokia baten egon nintzen, eta halako zerbait egin genuen. Hemen konturatu nintzen, aldareko mahaiak ez zuela zerikusirik erretaularekin eta bi mahai txikiekin", esan digu.



Kristo gurutziltzatuaren azpian

1963. urte bukaeran Vatikanoko II. kontzilioa ospatu zuen elizak. Munduko gotzain guztiak elkartu ziren, eta eliza katolikoarendako hainbat erabaki hartu zituzten; besteak beste, meza emateko modua aldatu zuten. Ordura arte elizkizunak latinez ematen zituzten, eta apaizak bizkarra ematen zion herriari. Aldarea erretaulari itsatsita zegoen. Baita Oñatikoa ere. "Erabaki haren atzetik mahaia erretaulatik kendu eta aldare erdian ipini zuten. Oñatiren kasuan jatorrizko mahai kendu eta berria egin zuten", esan digu parrokoak.

Mahai hori parrokian egon da. Hildakoak sartzen diren atearen parean dagoen Kristo gurutziltzatuaren azpian. "Mahaia ikusi nuenean, berriro aldarera igotzeko proposamena egin nuen parrokiako kontseiluan. Orduan erabaki zuten mahaiak garbitu eta irakurgaietarako pieza berria egitea" dio parrokoak.



Korkostegi alkate zenekoa

23 urtez Oñatiko alkate izandako Reyes Korkostegik hainbat lan egin zituen parrokian 1954tik 1961era arte; besteak beste, organoa lekuz aldatu zuen: Doloreetako kaperaren alboan zegoen, eta goiko pisura, egun dagoen lekura eroan zuen.



Vatikanoko II. kontzilioa gertatu zenean, hura zen alkate, eta hark erabaki zuen aldarerako mahai berria egitea. "Askok uste dute Lezoko ebanista batek egindakoa dela, baina Korkostegiren lagun arkitekto batek egin zuen diseinua. Donostiarra zen. Zirriborro haiekin Deogracias Ugarte Igartuak oñatiarrak egin zuen. Frisoa mahaiarekin jokora egin zuten", kontatu digu Carlos Agirrebengoak.

Bihar kenduko duten aldare-mahaia Kristo gurutziltzatuaren azpian dagoen lekuan ipiniko dute.

No hay comentarios:

Publicar un comentario