karmele jaio - Viernes, 23 de Abril de 2010 - Actualizado a las 07:41h.
britaniar armadako itsasontzi bat portuan. Afganistanetik bueltan datozen soldaduak eta britainiar zibilak jasotzen ari da, sumendi baten hautsak euren herrira abioiez bueltatzea galarazi baitie azken egunetan. Telebistan ikusi ditut irudiak. Emakume bat, haur txiki bat besoetan daramala, kopetilun sartu da gerra ontzira. Eta bat-batean, gerra garaiko irudien aurrean nagoela iruditu zait. Emakumea ebakuatzen ari dira, gerratik ihesi.
Gauzak beti berdin izaten jarraituko dutela pentsatuta bizi gara. Ez dugu zalantzan jartzen beti izango dugula gure gosea aseko duen plater betea mahaian, kaleko hotzetik babestuko gaituen etxe bat, ondo bizitzeko aukera emango digun lanpostu eta soldata bat … Nahi dugunean abioi bat hartu eta nahi dugun lekura bidaiatu ahal izango dugula uste dugu, noski baietz, zerk galaraziko digu bada?
Historiak, beste gauza askoren artean, gure bizitza gauetik goizera aldatu daitekeela erakusten digu. Mendetan zehar hainbat pertsonen bizitzak erabat aldatu dituzten gerrateak, hondamendiak edo krisi ekonomiko larriak gertatu dira. Hala erakusten digute Historia liburuek eta hori ezagutzeak daukaguna baloratzen laguntzeaz gain, gure bizimodua faktore askoren eraginpean dagoela ere erakusten digu, eta ez bakarrik gure desio edo borondatearen pean.
Historia liburuez gain, nobelek, antzerki obrek, pelikulek ere erakusten digute guzti hori. Fikziozko lanek pertsonaia konkretuen istorioak kontatzen dizkigute, baina hauek istorio unibertsalen isla dira. Fikzioa gezurra da, asmatutako zerbait, baina benetako egiak esaten ditu. Horregatik gaur, Liburuaren Nazioarteko Eguna den honetan, irakurtzeak zertarako balio duen galderari erantzungo diot liburuek aukera ematen digutela beste pertsonaia batzuen larruetan sartzeko, mundua beste begi batzuekin ikusteko, geure burua abaniko baten antzera irekitzeko eta guk uste baino bizitzeko modu gehiago daudela konturatzeko, besteak beste.
viernes, 23 de abril de 2010
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)
No hay comentarios:
Publicar un comentario