martes, 20 de abril de 2010

Telebista, mugikorrean ikusteko ekimen turistikoa abian

BIDEOA IKUSI
Oñatiko Turismo Bulegoak zerbitzu berri bat jarri du martxan: gida turistiko mugikorrak. Gai turistikoen gaineko telebista saioen parrilla ikusteko aukera ematen du, baita WAP atari batera sartzeko, hainbat zerbitzu turistikorekin. Zerbitzu berri hori, aitzindaria estatuan, hainbat euskal enpresa eta ikerketa zentrok garatu dute; tartean, Goiena eta Batura enpresak. Bisitariek doan erabil dezakete zerbitzu hori, eta hainbat hizkuntzatan dago eskuragarri, martxoaren 31tik ekainaren 30era arte.






Oñatiko Turismo Bulegoak gida turistiko mugikorren zerbitzu bat jarri du martxan. Gai turistikoen gaineko telebista saioen parrilla ikusteko aukera ematen du, baita WAP atari batera sartzeko, hainbat zerbitzu turistikorekin. Zerbitzu berri hori, aitzindaria estatuan, hainbat euskal enpresak garatu dute, Vicomtech-IK4 ikerketa zentroarekin elkarlanean, eta Eusko Jaurlaritzaren Industria, Turismo eta Merkataritza Sailak kofinantzatu du. Zerbitzu hori bost hizkuntzatan dago eskuragarri: euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez, ingelesez eta katalanez.
Zerbitzu berri hori erabiltzea oso erraza da: alde batetik, Goiena Telebistak Oñatik dituen baliabide turistikoen gaineko hainbat telebista-eduki ekoiztu ditu, kalitate handikoak; hala nola Unibertsitatea, Arantzazu, San Migel, baita naturaren, artearen, historiaren eta tradizioen gaineko bideo tematikoak ere. Eduki horiek emititzen dira telebista parrilla baten, telebista mugikorraren aukera berriak erabilita, Itelazpiren azpiegiturari eta Diratelen laguntzari esker. Bestalde, eta Euskaltelen telefonia aurreratuko sareak erabilita, Batura enpresak poltsikoko telefonoentzako zerbitzuen atari bat sortu du, hainbat atal dituena: agenda, Arrikrutzen gaineko informazioa eta bisitak egiteko erreserbak, BTT ibilaldiak, jatetxeen gaineko informazioa, monasterioen ibilbidea eta informazio meteorologikoa.
Non lor daitezkeen dispositiboak
Oñatiko Turismo Bulegoak hainbat dispositibo jartzen ditu bisitarien esku. Nahiz eta zerbitzua gertatuta dagoen bisitariaren poltsikoko telefonoan instalatzeko, gaur egun merkatuan oso terminal gutxik betetzen dituzte gutxieneko baldintzak. Poltsikoko telefonoan telebista ikustea da arazo nagusia; izan ere, estatuan erabiltzen den eta DVB-H estandarrean oinarrituta dagoen terminal bakarra Nokia N96 da. Hori dela eta, terminalen erabilera doakoa den arren, ezinbestekoa da Nortasun Agiria uztea depositu moduan. Terminala bueltatzerakoan Nortasun Agiria bueltatzen zaio bisitariari.
Terminal mugikorrak eskuragarri daude martxoaren 31tik ekainaren 30era arte. Turista eta bisitariek aplikazio hori proba dezaten animatzeko asmoz, Oñatiko Turismo Bulegoak zozketa bat egingo du parte-hartzaileen artean. Hain zuzen, esperientzia bukatzerakoan, bisitarien kolaborazioa eskatzen da haien iritzia jakiteko zerbitzu berri horren gainean, inkesta bat beteta. Hala, inkesta betetzen dutenek zozketa baten parte hartuko dute: Turismo Bulegoaren produktu-sorta.
Zer ikus daitekeen
Terminal mugikorretatik, Oñatiko baliabide turistikoetara sar daiteke: 10 minutu inguruko bideoak, euskaraz eta gaztelaniaz. Bideoek Oñatiko hainbat leku erakusten dituzte. Proiektu aitzindaria denez, hasiera baten baliabide turistiko garrantzitsuenak eskaintzen dira: artea, historia, Unibertsitatea, parrokia eta Arrikrutzeko kobak.
Ikus-entzunezko edukiekin lotuta, oinati.batura.mobi atarira sar daiteke: Oñatiko atari turistikoaren egokitzapena terminal mugikorretatik sartzeko. Informazio turistikoa eskaintzeaz gain, Hirutur: Guía Turística Mobile Tierra Ignacina aplikazio mugikorra ere ireki daiteke. Tierra Ignacina (Ignaziotar Lurraldea) da hiru tenpluen ibilbidea: Arantzazuko (Oñati), Antiguako (Zumarraga) eta Loiolako santutegiak.
Informazio gehiagorako jo Turismo Bulegora: 943 78 34 53
GOIENA

No hay comentarios:

Publicar un comentario