viernes, 17 de mayo de 2013

Atez atekorako ontziak ez jaso..

Atez atekorako ontziak ez jasotzera deitu dituzte oñatiarrak


Mai. 17, 2013, 2:14 p.m. Leire Kortabarria



Hilaren 22an banatuko ditu Oñatiko Udalak hondakinen gaikako bilketa (atez atekoa) hasteko ontziak. Bada, atzo atez atekoaren aurkako Gipuzkoako plataformak ontziak ez jasotzera deitu zituzten oñatiarrak.Kultur etxean egin zuten prentsaurrekoa Patxi Amantegi Gipuzkoako plataformen bozeramaleak eta Bergara, Aretxabaleta eta Arrasateko atez atekoaren aurkako plataformetako ordezkariek. Amantegik esan zuenez, orain arte "modu onean" joan direnean "inork" ez die kasurik egin; horregatik erabaki dute orain deialdi hori egitea.

Atez atekoaren aurkako koordinadorako eta Debagoieneko ordezkariak.


Oñatiko prentsaurrean, 5. edukiontziaren aldeko plataformak orain arteko gertakizunak laburtu zituen. Hona hemen, euren hitzetan, han entzundakoa:



"Gaikako bilketa sistema ezberdinen inguruko gertakizunak abiada hartzen doaz Gipuzkoan. Atez atekoa -Oñatin datorren astean ezarri nahi dena- Gipuzkoako 34 udalerrietan inpostazeko alde bakarreko erabakia prentsaurreko baten bidez aldarrikatu zenetik urtebete pasa ondoren, azken asteetako gertaerek eta adierazpenek agertzen digute:



• Bilduk adierazi zuela bilketa honen aurkako oposizio handia zegoen herrietan bere ezarketa birplanteatuko zuela.

• Oñatin, 2.416 sinadura bildu zirela eta horrek bakarrik argi eta garbi adierazten duela herrian dagoen oposizioa atez atekoaren inposaketaren aurka.

• Oñatin sortu zen plataforma eta bere garaian publiko egin zuten bezala, bertako kideek jasotako presioen ondoren disolbatu zela.

• Bildu koalizioak adierazi duela atez atekoak ez diren beste sistemak aurreikusi daitezkeela, % 70-80 bitarteko gaikako bilketa lortzen badute.

• Orain gutxi, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko diputatu, Iñaki Errazkinek, helburu bezala jarri duela 2016. urterako %60a lortzea gaikako bilketaren bidez, hau da, PIGRUG berak, edukiontzien bidez aurreikusten den helburu bera.

• Hainbat udaletxetan (Azpeitia, Zumaia, Ormaiztegi…) akordioak lortzen ari direla bilketa sistema edukiontzien bidez egiten jarraitzea/zabaltzea. Beste batzuetan, atez atekoaren inposaketa impasse batean dago. Zergatik ez Oñatin?

• Orain gutxi Legazpin egindako herri galdeketan bozka emateko eskubidea erabili zuten herritarren %98a bilketa selektiboa edukiontzien sistema zabalduz egitearen alde agertu zela.

• Atez ateko sistemaren aurka gizartearen jarrera gehitzen joan dela bai sinadura bilketaren bidez, manifestazioekin edo kontzentrazioekin".



Patxi Amantegik esan zuenez, "badirudi Oñati izan daitekeela gizarteak era handi batean onartzen ez duen sistema inposatuko duten azkenetako herria. Norbaitek zigortu nahi al ditu?"



Horregatik guztiagatik, koordinadoraren iritziz, "atzeraezina" da "Udalak, oñatiarren borondatearen aurka inposatu nahi duen sistema birplanteatzea".



Zuzenean Oñatiko Udalari egindako eskaera honekin bukatu zuten euren mezua: "Eskatzen dizugu inposatu nahi duzun hondakin bilketa sistema herritarrek erabaki dezatela herri galdeketaren bidez eta ateratzen den emaitza errespetatuko duzun konpromisoa. Guk errespetatuko dugu pertsonengan eta eragiten dizkieten gaietan askatasunez eta demokratikoki erabakitzeko eskubidean sinisten dugulako". Eta hauxe gaineratu zuten: "Udalak, herriari hitza emateari uko egiten badio, koordinadorak beretzat gordetzen du udal gobernuaren jarrera demokratiko eskasa agerian uzteko ekimenak antolatzeko eskubidea. Eta horregatik oñatiarrei dei egiten diegu joan ez daitezen ontziak jasotzera".



"Plataforma isilarazi egin dute"

Galde-erantzunetan, Amantegik onartu zuen Oñatin "berandu" ibili direla. "Modu egokian joan garenean, inork ez digu kasurik egin. Bazegoen herri plataforma bat, eta nolabait isilarazi egin da. Zer pentsatua eman beharko liguke horrek; herritarrok ezin badugu gai honen inguruan pentsatzen duguna esan, gure pentsamoldeak aldatu behar ditugu".



Amantegi bera birziklatzea eta hondakinak gaika sailkatzea derrigorrezkoa izatearen alde azaldu zen, baina esan zuen hondakinak sailkatzeko derrigortasunetik atez atekora pausoa ez dutela "argi ikusten". Bere esanetan, hainbat herritan, "bosgarren edukiontziaren aldeko akordioa lortu da baina derrigortasun batekin". "Arartekoak adierazi du garbi jendearen inplikazioa, zaborrean, fundamentala dela. Derrigortasuna baldin bada beste puntua, 5. edukiontziak bermatzen ditu puntu guztiak eta eman dezake derrigortasunaren plus hori".



No hay comentarios:

Publicar un comentario