lunes, 13 de mayo de 2013

Natrak 1,6 milioi garbi irabazi ditu aurten

Oñatiarren zuzendaritzapean, Natrak 1,6 milioi garbi irabazi ditu aurten


Mai. 13, 2013, 10:01 a.m. Leire Kortabarria

Mikel Beitia oñatiarra da Natrako kontseilari delegatua; presidentea Juan Ignacio Egaña da.
Natra enpresaren kakao eta txokolate negozioa, zati baten Oñatin egiten dena, hazi egin da. Hain zuzen, 2013ko lehenengo hiruhilekoan, % 1,8 gehiago saldu du, eta 79,96 milioi euroko fakturazioa lortu du. Iazko epe berberarekiko emaitzak hobetu ditu, eta bere EBITDA (interesak, zergak, depreziazioa eta amortizazioak aplikatu aurretiko emaitzak) ere % 9,9 hobetu zen, 4,89 milioi eurotaraino; 2012ko lehenengo hiruhilekoan, 4,45 milioi euro lortu zituen. Irabazi garbiak 1,6 milioikoak izan dira, iazko epe berean baino % 66,9 gehiago, eta negozio-zifra 88,1 milioikoa izan da, % 3,6 gehiago.



Oñatin lantegia duen Valentziako enpresak azpimarratu du kakaoa eta txokolatea dela bere aktibitate nagusia, eta, orokorrean, "kontsumoa ahul" badago ere, gero eta zifra hobeak lortu dituztela, "2012an hasitako hobekuntza operatiboa eta marjinen berreskuratzea jarraituz".



Natrako zuzendaritzaren esanetan, "industriako produktu-dibisioa indartsu egotea eta kontsumorako produktu-dibisioko prozesuak eta hornikuntzak modu eraginkorrean kudeatzea" izan dira hazkunde horren "motor nagusiak".



Hobekuntza operatibo guztiei esker, Natra enpresaren esplotazio-emaitza % 53 handitu da eta 5,04 milioi eurokoa izan da lehenengo hiruhilekoan.



Aldaketa eraginkorrak

2010era arte burtsan balioa galtzen joan ondoren, egoerari buelta ematea lortu zuen Natrak eta garai onak bizi ditu gaur egun. Hala, 2011 ezkero, ordura arte zeukan zorra kentzen joateko estrategiari ekin zion multinazionalak, eta zuzendaritzako kide batzuk aldatu ziren; tartean, Zahorreko Juan Ignacio Egaña aukeratu zuten taldeko Administrazio Kontseiluko presidente, eta Mikel Beitia, kontseilari delegatu. Horrekin batera, Natraceutical adarrak Naturex enpresan zuen parte-hartzea saldu egin zuen eta Forté Pharma negozioa indartzeari ekin zion. Mugimendu horiek akziodunak konbentzitu dituzte eta, aurten, Natrak % 37,6 irabazi du orain arte burtsan.



Akziodunen artean daude gaur egungo presidentea, Juan Ignacio Egaña (akzioen % 1,5), eta Kutxabank, CK Corporación Kutxaren bitartez (akzioen % 9,1).



No hay comentarios:

Publicar un comentario