Familia giroan inauguratu dute Oñati eta Arrasate arteko bidegorria
Mai. 19, 2013, 2:27 p.m. Iure Eizagirre
Eguerdia pasata inauguratu dute Oñati eta Arrasate arteko bidegorria Oñatiko Zubillaga frontoian. Ekitaldi instituzionala eta, aldi berean, herrikoia izan da. Agintarien hitzen ostean haurrentzako jolasak eta mokadua izan dira.
ARGAZKI GALERIA
Eguerdia pasa baino minutu batzuk lehenago heldu dira Oñatiko eta Arrasateko zikloturistak Zubillaga auzora. Euren bizikletak ermitaren inguruan utzi eta berehala hasi da ekitaldi ofiziala. Mikel Biain Oñatiko alkateak esker hitzak izan ditu proiektua gauzatzen lagundu dutenentzat eta bereziki bidegorriari lehentasuna eman izana eskertu dio Gipuzkoako Foru Aldundiari. Larraitz Ugartek ere eskerrak eman ditu modu laburrean.
Ugarteren hitzak amaitzearekin batera, haurrentzako jolasak hasi dira. Zubillagaraino heltzeko erabilitako bizikletak hartu eta zinta karreran jolastu dute. Ordurako sokatiran ibiltzeko soka prest zuten frontoiko lurrean. Bitartean, helduek mokadutxo bat jan dute.
Harrera ona bizikleta-martxak
Zubillagako inauguraziora elkarrekin joateko bi bizikleta-martxa zeuden deituta gaur goizerako, bat Arrasaten eta bestea Oñatin. Beste zikloturista martxa bat tarteko, Arrasaten jende gutxiago bildu da baina 11ak pasata 15 bat pertsona irten dira Seber Altube plazatik, Oñatitik, berriz, 50 pertsona inguru abiatu dira.
San Prudentzion ziren elkartzekoak bi martxak baina hura pasata batu dira. Haur, gazte eta heldu, guztiak batera iritsi dira Zubillagako frontoira.
No hay comentarios:
Publicar un comentario