Domekan zabalduko dute Oñati-Arrasate bidegorria
Mai. 13, 2013, 10 a.m. Imanol Gallego
Urteetan Arrasatek eta Oñatik euren bidegorri zatiak izan ostean, orain etenik gabe bi herriak lotuko dituen bidegorria domekan, hilaren 19an, zabalduko dute. Gipuzkoako Foru Aldundiak izan du obra egiteko ardura eta 8,3 kilometro luze dituen ibilbideak 3.290.000 euroko kostua izan du. Hainbat ekimen antolatu dituzte inaugurazio ekitaldirako.
Elorregin egingo dute inaugurazio ekitaldia. |
Izandako negu euritsuak hamabost egun atzeratu du irekiera data. Ibilbideak, gainera, ez ditu gauzak erraztu. Oñatiren kasuan, Madalenako tunelak lan ugari eskatu ditu eta Elorregin ere lan konplexua egin dute, biribila azpitik zeharkatzeko tunel eta guzti. Arrasateko ibilbidea errazagoa izan da eta kilometro gehienetan vasco-navarro trenak egiten zuen ibilbidea aprobetxatu du. Hala ere, tunelak behar bezala argiztatzeko esfortzu berezia egin dute.
Oinezkoetandako zein bizikleta gainean doazenendako apropos geratu da bidegorria eta argiteria du ibilbide osoan.
Ospakizun eguna
Aldundiak erdiko gune moduan Elorregi aukeratu du bidegorriaren irekiera ekitaldia egiteko. Oraingo domekan izango da hori.
11:00etan Txirrinka taldeak bizikleta martxa antolatu du Oñatitik Elorregira. Ordubete beranduago, Elorregiko inaugurazioan, Larraitz Ugarte Bide azpiegituretako foru diputatuarekin batera, Bergara, Oñati eta Arrasateko ordezkariak egongo dira. Irekiera ekitaldiaren ostean, Elorregin jokoak ere antolatu dituzte. Aldundiak egun horretako ekintzetan parte hartzera animatu nahi ditu herritarrak.
Gipuzkoako Foru Aldundiarendako, bidegorri hori "garrantzitsua da Arrasate, Oñati eta Bergara arteko mugikortasunari begira".
No hay comentarios:
Publicar un comentario