viernes, 17 de mayo de 2013

Bizkleta tailer soziala

Bizikleta nola mantenu jakiteko tailer soziala egingo dute Oñatin


Mai. 17, 2013, 12:41 p.m. Oihana Elorza

Hilaren 25ean izango da, Zuazola Institutuaren aurrean, eta gaztelekuan eman behar da izena. Nork bere bizikleta eraman behar du.


Antton Zubia, Lemoan egindako tailer batean


Bizkleta tailer soziala antolatu du Oñatiko Udalak hurrengo zapaturako, hilaren 25erako. Bizikletaren mantenu eta mekanika argibideak emateko tailerra izango da eta Antton Zubia oñatiarra izango da gidaria.



Italiatik ekarri zuen ideia Antton Zubiak. "Diseinu ingeniaritza ikasketak egin nituen eta Italian, Milanen jarraitu nituen ikasketa horiek, beti bizikletari lotuta. Ikusi nuen han bazirela tailer txiki batzuk non bizikleta eraman eta konpontzen laguntzen zizueten, eta baita argibideak eman ere bizikleta ondo nola mantenu jakiteko. Gustatu zitzaidan ideia, eta tailer egonkor bat jarri ordez, ikastaroak edo tailer didaktikoak ematen hasi ginen lagun bat eta biok. Euskal Herriko udal ezberdinekin egin dugu lana dagoeneko, eta hurrengo astean Oñatin egingo dugu horrelako tailer bat", azaldu du Zubiak.

Bakoitzak bere bizikleta

Bakoitzak bere bizikleta eraman beharko du ikastarora, helburua delako norberak norberaren bizikleta ezagutu eta erabiltzea. Hasieran, teoria emango dute, eta gero etorriko da praktika. "Ikusiko dugu, adibidez, ze elementu komeni den norberak izatea bizikleta mantendu eta konpontzeko. Gero, praktikan, galderak, zalantzak argituko ditugu. Polita izaten da ikustea nola tailerrean parte hartzen dutenek elkarri azaltzen dioten zer egin gurpila zulatuz gero, adibidez, edo frenoak nola ajustatu. Tailer parte-hartzaileak izaten dira, eta oso aberasgarria da hori", azaldu du Zubiak.



Bizikleta tailer sozialak hilaren 25ean egingo dute Zuazola Larraña institutuaren aurrekaldean eta bizikleta erabiltzea gustatzen zaion edonori dago zuzenduta. "Ez bakarrik bizikletan asko ibiltzen direnei, baizik eta batez ere, bizikleta gustatu bai baina gutxi erabiltzen dutenei. Azkenean, zenbat eta gehiago ezagutu norberaren bizikleta, orduan eta gogo gehiago izaten du erabiltzeko, eta horixe da helburua, bizikleta erabiltzea. Bidegorriak hor daude, bai, baina beti aisialdiarekin, pasioarekin, lotzen ditugu, eta bizikleta egunero erabili daiteke, lanerako, enkarguetarako edo herri barruko beste edozein irteera egiteko", jarraitu du Antton Zubiak. Hain zuzen, bizikleta eta haren osagarriei buruzko bideoak, lanak, egiten ditu Zubiak. Korsikan dago orain, Le Coq Sportif etxearendako lan bat egiten.



Tailer honetarako plazak mugatuak dira, baina jendeari lasai apuntatzeko aholkatzen die Zubiak, beste tailer bat egiteko aukera egon daitekeelako. Ekainean, gaztetxoei zuzendutakoa egin gura dute.



No hay comentarios:

Publicar un comentario