jueves, 23 de mayo de 2013

Oñatiko batzokian.....

Egoera ekonomikoa eta enpresak izan zituzten berbagai Oñatiko batzokian


Mai. 23, 2013, 12:51 p.m. Amaia Txintxurreta

Arantxa Tapia eta Aitor Urzelai izan ziren hizlariak, Oñatiko EAJk antolatutako hitzaldian. Azaldu zuten hiru sektoreak lehiakortasun eta garapen ekonomikoaren ikuspuntutik lantzen ari direla eta euren departamendutik egiten ari diren lanaren berri eman zuten Tapiak eta Urzelaik.


Urzelai, Tapia eta Idoiaga hitzaldian



Oñatiko EAJk antolatuta, Arantxa Tapia eta Aitor Urzelaik hitzaldia eskaini zuten atzo herriko batzokian. Garapen ekonomikoaren eta lehiakortasunaren departamenduko sailburu eta kide dira Tapia eta Urzelai eta euren departamendutik egiten ari diren lanen berri eman zuten hitzaldian. Euren helburuak zeintzuk diren, zertan oinarrituko dituzten euren politikak eta hemendik aurrera euren lana nola bideratuko duten azaldu zuten, besteak beste.



Euren departamenduak hiru sektoreak hartzen dituela azaldu zuen Tapiak: industria, teknologia barne; merkataritza eta turismoa; eta lehen sektorea. Adierazi zuen, besteak beste, euren helburua dela hiru sektoreak lehiakortasun eta garapen ekonomikoaren ikuspuntutik lantzea.



Hitzaldian gaineratu zuen Euskadiko marka ere potentziatu egin behar dela. Izan ere, Euskadi ez dagoela salgai esan zuen; geure enpresak geureak izaten jarraitu behar dutela eta ez dizkigutela atzerrikoek erosi behar.



Aitor Urzelaik, bestetik, azaldu zuen Euskadiko ekintzailetza mapa berriro aztertu beharko litzatekeela eta horretan dabiltzala hiru Foru Aldundiekin lanean, Euskadiko ekintzailetza zentroak oinarri hartuta. Lourdes Idoiagarendak ohore bat zen gainera, Urzelai oñatiarra aurkeztea, herriko semea delako, ETEOn ikasitakoa, gainera.



Herritarren kezkak argitzeko aukera



Herritarrek euren kezkak argitzeko aukera ere izan zuten hitzaldian. Esaterako, herriko merkatari batek galdetu zuen komertzio txiki asko ixten ari direla eta horren aurrean zer egin daitekeen. Erantzun zioten esaten proiektu konkretuak ari direla garatzen eta ez direla ari bakarrik diru laguntzak aztertzen, bestelako esperientzia batzuk ere aztertzen ari direla. Ordu eta erdi inguru iraun zuen hitzaldiak.




Oñatiko batzokia jendez lepo bete zen hitzaldian.



EAJren aurkako pankartarekin

Batzoki kanpoan, herritar talde batek protesta egin zuen, erraustegiaren eta abiadura handiko trenaren kontrako lelodun pankarta batekin.





No hay comentarios:

Publicar un comentario