Arratsaldeko lehen orduan BBC telebista kateak zabaldutako adierazpenaren ostean alderdi politikoek zuhurtziara jo dute hasierako balorazioak egiterako orduan. Alderdi abertzaleen artean baikortasunerako arrazoirik badago, hala ere. EAko Pello Urizarrek Goienari egindako adierazpenetan esan du "euskaldunok presio egin beharko" dugula orain "benetako aurrerapausuak" eman daitezen. Ezker abertzaleak ere "urgentziazko adierazpena" egin du berretsiz ETAren iragarpenaren balioa "zalantzaezina" dela. Bergarako alkate Agurne Barrusok hartu du hitza Donostian egindako agerraldian. Lurdes Idoiagak (EAJ) esan du "EAJ alderdiak jarraituko" duela "bere tokian, laguntza emanez, sinestea gura" duen "su-etena baldin bada". Aritz Arrietak (PSE-EE) esan du ETAk benetan armak utzi ezean berak ulertzen duena dela "ETAk fabore moduko bat egiten diola ezker abertzaleari hauteskundeetan parte hartu ahal dezan". Ezker Batuko Juan Luis Merinok esan du adierazpena nahiko ez bada ere, Espainiako Gobernuak kontuan izan beharko lukeela ETAk gaur egun ez duela indarrik eta ezker abertzalea urratsak dabilela ematen. Alternatibatik Ander Rodriguezek, hain zuzen, hori ere gakotzat jotzen du eta giltzarria herritarren mobilizazioa dela berretsi.
Alderdi abertzaleen lerroetan baikortasun handiagoarekin hartu da albistea. EAko idazkari orokorrak, Pello Urizarrek adierazi du "orain pilota beste teilatu batean dagoela" Espainiako Gobernuari erreferentzia eginaz. Aldi berean, zera gogorarazi du "euskaldunok presio egin beharko" dugula "benetako aurrera pausuak" eman daitezen. Su-eten baten aipamen espliziturik ez dagoela aipatzerakoan Goienari egindako adierazpenetan Urizarrek dio "terminologiatik urrunduz argi dagoena" dela "urtebete dela atentaturik ez" dagoela eta aurrerantzean "denon erantzukizuna" dela "gisa honetako prozesu batek berezko dituen zailtasunak areagotu beharrean bidetik harriak kentzen jardutea" dela euren lana.
Ezker abertzaleak, bere aldetik, Donostian egin du adierazpena. Agurne Barrusok hitza hartu eta zehaztu du "zalantzaezina" dela ETAren iragarpenaren balioa, azpimarratuz "ekintza armatuak eten" dituela eta "atzeraezina dela Euskal Herrian fase politiko berriari ekin" zaiola. Xabier Zubizarretak irakurketa luzeagoa egiten du eta ondorengo eszenarioaz galde eginik, dio "inoiz baino gehiago saiatu beharra dagoela helburu politikoak lortzeko orain noiz badirudien behingoz agian ateak ala leihoak irekiko zaizkigula eskubide politiko horiek gauzatzen hasteko".
Aralarren aldetik ere baikortasuna eta garrantzia dira entzuten diren berbak. Rebeka Uberak gizartea eta bakegintzan dihardutenak zoriondu gura ditu eta ETAri esan "alde bakarreko pausu hori" eman behar duela "inolako kontraprestazio barik". "Atzera bueltarik gabeko" pausua izan behar duela dio amaitzeko Uberak.
EAJk ez du gaur adierazpenik egingo eta biharko astelehenetako ohiko batzarrean aztertuko dute iragarpena. Gurean Lurdes Idoiaga Oñatiko alkateak, halabaina, "pentsamendu kontraesankorrekin" jaso du albistea erantsiz "EAJ alderdiak jarraituko" duela "bere tokian, laguntza emanez, sinestea gura" duen "su-etena baldin bada". Zera zehazten du: "Guk gure bidea jarraituko dugu, pentsatuta aurrera bidean denok gure herriaren burujabetzaren bidean goazela". Modu urgentean preso politikoen gutxieneko baldintza batzuk bete beharko liratekeela ere eransten du, Estatuaren esku jartzen ditu "geratzen diren urratsik inportanteenak".
Iñaki Galdosek H11! alderdiko ordezkariak ere pozez hartu du albistea "mehatxatuta dauden lagunengatik bereziki" eta berretsi "ETA desagertu" egin behar dela: "Momentu onean gaude baina guk ez diogu inongo meriturik ematen ETAri. Hemen bakea lortzen baldin bada da gizartearen garaipen bat delako, ez ETAren kontzesioa delako".
Alderdi Popularreko buru den Antonio Basagoitik, ordea, albistea jakin eta gutxira hitz egin du argitzeko "komunikatua hauteskundeei begirako estrategia hutsa dela eta ezinbestekotzat ematen duen bakarra "ETAren amaiera" dela; UPyDko Gorka Maneiroren antzerako adierazpenak izan dira nork berresten baitu "baldintzarik gabe desagertu behar" duela ETAk. Itziar Lamarain Arrasateko PPko zinegotzia iragarpenaren "zehazgabetasunaz" da kexu: "Nola egin baloraziorik halako adierazpen lauso batetik?" eta espero du "hauteskundeetan parte hartu ahal izateko iragarpena ez izatea". Gertakizunen zain geratzen da Lamarain, "ilusio larregi barik".
PSOEren aldetik Leire Pajin Antolaketa idazkariak ere adierazi du "ETAren adierazpena ez dela inola ere nahikoa" baina "Espainiako Gobernuan sakoan" aztertzen dabilela. PSE-EEtik Aritz Arrieta Arrasateko zinegotziak egin dizkio adierazpenak Goienari. Sasi-komunikatua" deitu dio Arrietak eta dio ETAk benetan armak utzi ezean berak ulertzen duen "kontestua" dela hauteskundeena; hau da, "ETAk fabore moduko bat egiten diola ezker abertzaleari hauteskundeetan parte hartu ahal dezan". Rodolfo Aresek ere esan du ez dela agiri sinesgarria.
Nahikoa ez delako uste berean da Juan Luis Merino Eskoriatzako Ezker Batua-Berdeak taldeko zinegotzia, "positiboki" baloratzen badu ere. Hala ere, zera zehazten du: "Espainiako Gobernuak, bestalde, esan" duela "ez dela fidatzen. Malgutasun apur bat izan beharko luke, egia da ETAk engainatu duela, baina erakundeak gaur egun ez du indarrik eta ezker abertzalea pausuak ari da ematen; Espainiako Gobernuak kontuan izan beharko luke guzti hori". Ezker abertzalearen ekimen politikoa ere eszenario politikoa berrirako gakotzat jo du Ander Rodriguez Alternatibako ordezkariak. Giltzarria harentzat herri mobilizazioa da, esanez, "herri mobilizazioak egoera hau atzera ezin bilaka" dezakeela. Honetarako aukera datorren zapatuko Adierazi Euskal Herria egitasmoa nabarmentzen du Rodriguezek "Euskal Herriko gehiengo soziala bertan islatuko" delarik.
GOIENA
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)
No hay comentarios:
Publicar un comentario