lunes, 20 de septiembre de 2010

Txirrindularitza: Gonzalez Oñatin eta Bilbao Bergaran txapeldun

Asteburu honetan txirrindulari probak izan dira nagusi Debagoienan, izan ere, bi proba egin dira: zapatuan Oñatin eta domekan Bergaran. Bi hauek, gainera, Lehendakari txapelketarako puntuagarriak izan dira eta, Bergaran egindako lasterketarekin, amaitu da 23 urtez beherako txirrindularientzako txapelketa hau.

Lehendakari txapelketa Ramon Domene Seguros Bilbao taldeko txirrindulari alikantarrak irabazi du, bigarrenez jarraian. Bergarako lasterketa ez zuen amaitu, baina ez zuen beharrik izan.

Bergara eta Oñatiko probak
Zapatuan XXIII. Oñati saria –Etxebarri memoriala– lasterketa egin zen, 102 kilometroko proba. Jose Manuel Gonzalez Cueva el Soplao taldeko txirrindulari kantabriarra izan zen denetan azkarrena helmuga igarotzen, Jesus Ezquerra taldekidearen babesarekin. Bere lehen garaipena izan zen. “Oñatitik oroitzapen gozoa” eraman zuen, bere hitzetan. Hirugarren sailkatua, eta mendiko trofeoaren garaile era berean, Jordi Simon Caja Ruraleko kirolaria izan zen.

Taldekako saria Cueva el Soplaok irabazi zuen. Probako garaile Jose Manuel Gonzalezek, saria jaso ondoren, bere taldekideek egindako lana nabarmendu zuen, ihesaldi guztietan parte hartu baitzuten.

Domekan, bestetik, Bergaran XLV. Martin deunaren saria jokatu zen. Bertan, Pello Bilbao Naturgas Energiako txirrindulari forutarrak eraman zuen garaipena. Atzetik sartu ziren Jordi Simon eta Alejandro Sivori Latorre-Palplastic taldeko txirrindulariak. Bergaran azkarrena izan zen Bilbaok adierazi zuenez, “aspaldi ez nuen garaipenik lortzen, beraz, modu onean amaitu dut denboraldia”. Lehendakari txapelketaren sailkapenak era nabarmenean eragin zion domekako lasterketari, Seguros Bilbao eta Naturgas Energiako txirrindulariak elkar zaintzen aritu baitziren, uneoro.

Zapatuko lasterketan, Debagoieneko ordezkari bakarra izan zen, Xabier Aranzeta antzuolarra, baina ez zuen amaitzerik izan. Aranzeta Bergaran ere irtetekoa zen baina, azkenean,ez zuen parte hartu.

Sailkapenak eta denborak
XXIII. Oñati saria
Jose Manuel Gonzalez 02:31:22
Jesus Ezquerra 02:31:25
Jordi Simon 02:31:32
Jesus Herrero 02:31:50
Joaquin Sanchez 02:31:50
Unai Intziarte 02:31:50
Steve Bekaert 02:32:02
Mikel Elorza 02:32:10

XLV. Martin Deuna saria
Pello Bilbao 02:23:41
Jordi Simon 02:23:58
Alejandro Sivori 02:25:00
Adrian Lopez 02:25:00
Antonio Pedrero 02:25:00
Aitor Gonzalez 02:25:00
Sergio Angulo 02:25:00
Jesus Herrero 02:25:34

Lehendakari txapelketa
Ramon Domene (Seguros Bilbao)
Ibai Salas (Seguros Bilbao)
Pello Bilbao (Naturgas Energia)
GOIENA

No hay comentarios:

Publicar un comentario