jueves, 16 de septiembre de 2010

Ordu oro autobus bat egongo da Oñatitik Zumarragara joateko



Urriaren 1etik aurrera Arrasate, Oñati, Legazpi eta Zumarraga lotuko dituen autobus linea berria egongo da erabilgarri. Gaur aurkeztu dute zerbitzu berria Oñatiko udaletxean. Linea berria lehendik zegoen linea zirkularra osatzera dator. Aurrerantzean, zerbitzu biekin orduro egongo dira autobusak Oñatitik Zumarragara.

Herritarren eskariak tarteko denbora asko egin ei du Oñatiko udalak zerbitzu berri honen eske, eta azkenean urriaren 1ean hasiko da martxan Arrasate, Oñati, Legazpi eta Zumarraga bi noranzkoetan lotuko dituen linea berria. Goizeko seiak eta gaueko bederatziak eta 25 artean, Pesa konpainiaren zerbitzu berriak 11 bidaia egingo ditu lanegunetan, 10 zapatuetan eta 9 domeka eta jaiegunetan. Linea berriaren helburua da, batetik, Arrasate Gasteizekin eta Donostiarekin lotzen dituzten autobusak hartzeko irteera puntura iristeko maiztasuna handitzea. Bestetik, gainerako herriak Zumarragarekin hobeto komunikatzea, trenaren erabilera ere bultzatzeko. Izan ere, bi kontuok aintzat hartuta egin omen dituzte ordutegiak ere, konexioak posible izan daitezen eta bidaiariek denbora gehiegi itxaron beharrik izan ez dezaten garraiobide bat uztetik bestea hartzera. Eta honez gain, ikasle eta langileak ere izan dituzte kontuan.

140.000 euro erabiliko ditu Foru Aldundiak linea berria martxan jartzeko. Inbertsio garrantzitsua, baina azken emaitzak ikusita merezi duena, Arantza Tapia Mugikortasunerako diputatuaren esanetan.

Txartela Internet bidez kargatu

Arantza Tapiak jakinarazi du urtea amaitu baino lehen Lurraldebusen txartel bakarra Internet bidez kargatzeko modua egongo dela. Gaur egun 183.000 txartel daude erabilgarri Gipuzkoan, hauetatik 7.600 Arrasaten, 2.500 Oñatin eta 2.000 Legazpi eta Zumarraga artean. Erakundeetako arduradunek dei egin diete herritarrei txartel bakarra eta garraio publikoa erabiltzera.
GOIENA

No hay comentarios:

Publicar un comentario