viernes, 4 de marzo de 2011

Sandaili eraberritzeko proiektua

Sandaili eraberritzeko proiektua eskatu dio Udalak LKS enpresari
2011-03-04 00:00:00 Mireia Bikuña
Sandaili eraberritzeko eta biziberritzeko aukerak aztertu gura dituzte. Lourdes Idoiaga alkateak esan digu "oraingoz" proiektua besterik ez dela: "Jakin gura dugu zer egin daitekeen gune horretan. Paraje ederra da, leku pribilegiatuan dagoena. Baina, utzia eta oso zikina dago. Gure asmoa da proiektua esku artean edukitzea, edozein unetan dirulaguntzaren bat eskatzeko aukera badugu, eskatzeko".

Sandaili ingurua oso inportantea da araoztarrendako. Mirari Guridi auzo alkateak gustura jaso du udalaren asmoa. "Askotan egin diegu eskaera udal arduradunei. Sandaili ingurua oso zikin dago. Ermita gunea ere bai. Duela hiru aste egon nintzen han, aspaldiko partez, eta negargarri zegoen. Duela hamar urte arte edo, auzotarren artean txukuntzen genuen tokia, baina guk utzi genuenetik...", esan digu.

San Elias eguna Araotzen

Urte askotan ospatu dute araoztarrek San Elias eguna ermita aurrean, ekainaren 24aren ondorengo domekan. "Bazkaria egiten zuten, eta etxeko seme-alabek pribilegio ezberdinak zituzten. Maiorazkoek etxetik mahaiak eroaten zituzten ondo bazkaltzeko. Festa handia zen. Hasieran han egiten zuten bazkaria. Geroago, Mantxuena jatetxetik eroaten zuten", kontatu digu Araozko auzo-alkateak.

Sandailik duen kondaira nagusiena haurdun geratu gura zuten emakumeena da. Umerik gabeko senar-emazteak hara joten ziren laguntza eske. Han, ermita eta kobarako eskaileran dagoen harrizko aska batean, uretan sartzen omen zen emakumea, haurdun geratzeko asmotan. Baina, Sandailin ez dago iturririk. Ura haitzuloaren goiko hormatik erortzen den itogin batetik datorkio.
Bestalde, Iñaki Zumaldek beste kondaira hau jasotzen du Araotz, albiste eta ohiturak liburuan: "San Eliasen irudia Narbaxako (Araba) elizatik harrapatu zuten araoztarrek. Kontua da, egun, zenbait arabar herrixketako nekazariek lehorte handietan San Eliasera joaten zirela errogatibak egitera".

Ermitako zaindariak mototsa zuen

Herri-kondairetan Sandailiko ermita San Eliasena edota Santa Yliarena dela agertzen da. Dena den, dokumentuak gehiago mintzo dira santaz santuaz baino. "Guztiok uste zuten San Elias zela ermitako zaindaria, baina irudiak mototsa zuela konturatu ziren, eta Santa Ylia izango zela zehaztu zuten", esan digu Guridik.
Bitoriano Gandiagak San Eliasen gaineko kondaira hauxe jaso zuen: "San Eliasek bi anaia zituen San Adrian eta San Julian. Oso gaiztoak ziren eta amak esan zien mendira bidaliko zituela. Bat San Adrianera bidali zuen, San Julian Urrexolara eta San Elias Narbaxara. Handik harrika bota zuten gaiztoa zelako... eta gero santu egin zuten".

No hay comentarios:

Publicar un comentario